Flysch-ari buruzko erakusketa hartuko du Bidasoko Interpretazio Guneak



Aldi baterako erakusketen segida bati hasiera eman dio Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak, Bidasoko Interpretazio Zentroan, Abenida zubian (Iparralde etorbidea, 63). Lehenengoa apirilean eta maiatzean zehar ikusi ahal izango da. Euskal kostaldeko Flysch-ari buruzko erakusketa da, Hendaiako CPIE - Euskal Itsasbazterra kostaldearen babeserako erakundeak, eta Luberri Fundazioa Oiartzungo geologia interpretazio guneak antolatua.

Erakusketa osatzen duten panelak Bidasoko Interpretazio Zentrora eraman dituzte, eta doan ikusi ahal izango dira, maiatzaren 26ra arte, asteartetik ostiralera (10:00-14:00), zubietan eta jai egunetan izan ezik.

Euskal Flysh-aren inguruan

Sedimentu jatorria duen arroka geruzen formazioa da Flysch-a. Euskal Herrian, Getxotik Biarritzera arte ikus daiteke. Geruza gogorrak (kareharria, hareharria) eta material bigunak (buztinak) txandakatzen dira. Erosioak errazago higatzen ditu geruza bigunak, eta agerian uzten ditu gogorrak. Higadura diferentzial horrek hostopil baten itxurako emaitza ematen du.

Behe Kretazeoan hasi zen euskal kostaldeko Flysch-a sortzen, (110 m.a.), Eozenora arte (40 m.a.). Ur-azpiko lur-jausiek eratua da, 1.000 m-tik gorako sakoneran. Zabalik dagoen liburu baten modukoa da, milioika urteko historia geologikoa eta biologikoa biltzen duena.

 

 

  • Copyright © 2017 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Iparralde hiribidea, z/g - KOSTORBE eraikina, 20302 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: 943 633 076 - Fax.: 943 633 963 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com