Hiru kontzertu handi Bidasoa Folk-en

 

 

  • Abuztuaren 18, 19 eta 20an izango da hitzordua
  • Irunen, Hondarribian eta Hendaian burutuko dira kontzertuak

Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, Bidasoa Folk jaialdiaren XVII.edizioa antolatu dute. Hiru kontzertu handi egongo dira, Afrikako, Hego Amerikako eta Europako eszenetako talde handiekin. Bidasoa Folk-ek kultur aniztasunaren esentziari eutsiko dio XVII.edizioan.

Miguel Ángel Páez Irungo Udalaren ordezkariak ondorengoa azpimarratu du: “Bidasoa-Txingudi lurraldea kultur eta turismo intereseko gune gisa garatzea ahalbidetzen du ekimenak, herrialde ezberdinetako musika eta ohiturak nabarmenduz, doako kontzertuen bidez”.

Arantxa Berrotaran Hondarribiko Udaleko ordezkariak ordutegien aldaketa azpimarratu du: “Joan den urtean bezala, ordutegiak aurreratuko dira, familiak bertaratu daitezen erraztasunak emanez. 2016an, 3000 lagun hurbildu ziren hiru hirietako kontzertuetara, eguraldi txarra egin zuen arren”.

Christelle Cazallis Hendaiako Udaleko ordezkariak informazioa erantsi du: “Izen handiko artistekin hiru kontzertu egitearen aldeko apustua egin dugu aurten. Programazioa kalitate handikoa da, eta nazioarteko mailako hiru emanaldirekin gozatu ahal izango du jendeak, doan”.

Abuztuak 18 – Carlos Nuñez Hondarribian

Jaialdia abuztuak 18an hasiko da Hondarribian, 21:00etan, Carlos Nuñezek Itsas Etxea auditorioan emango duen kontzertuarekin. Salbuespena izango da, ez baita kalean egingo, areto estalietarako prestatutako ikuskizuna baita.

Doakoa izango da kontzertua, eta 699 eserlekuko edukiera mugatua izango du. Abuztuaren 14tik aurrera emango dituzte sarrerak, Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako Turismo Bulegoetan. Pertsona bakoitzak 4 sarrera hartu ahal izango ditu gehienez.

Carlos Nuñez galiziarra ospe handieneko musikarien artean dago, zeltiar musikaren arloan. Bere ibilbidean zehar, 1.000.000 disko baino gehiago saldu ditu mundu osoan, Ondas Saria jaso du, Grammy Latinoetarako hautagai izan da bi aldiz, eta beste hainbat sari jaso ditu mundu osoan zehar.

Abuztuak 19-Aziza Brhaim Irunen

Irunen izango da bigarren kontzertua, Urdanibia plazan, 21:00etan, Aziza Brahim abeslari sahararrarekin.

Alde zaharreko jaiekin bat egiten du kontzertuak, eta jaietako programazioan erantsi da, antolakuntzarekin lankidetzan. Horrela, Bidasoa Folk-eko Irungo kontzertua azken urteotako ohiko lekuan egin ahal izango da.

Aziza Brahim erreferentea da Saharan eta Afrikako musika panoraman. Abeslaria eta perkusio jotzailea da, eta Argeliako Tinduf-en dagoen Hammada errefuxiatu kanpamenduan jaio zen, duela 41 urte. Bere musikak saharako erritmo tradizionalak, Mendebaldeko Afrikako perkusioak, eta rock, funk, pop edo blues musika uztartzen ditu.

Abuztuak 20– Flavia Coelho Hendaian

Hirugarren eta azken egunean, abuztuaren 20an Hendaian, Flavia Coelho abeslari brasildarraren txanda izango da. Sokoburu plazan izango da emanaldia, 20:30etan hasita. Kokapena aldatu dute aurten, hondartzaren eremua jarduera mota horretarako egokiagoa izan daitekeela ondorioztatu baita.

Frantziako musika panoraman lekua egin du abeslari brasildarrak, reggae eta funk musika bere jaioterriko erritmo tradizionalekin uztartuz. Musika berria da, koloretsua eta urbanoa, gaur egungo Brasil herrialdearen irudi.

Kultur intereseko nazioarteko jaialdia

Gure badiako kultur arteko aberastasunari balioa ematea da asmoa, munduko musika ezberdinen  bitartez.

Udalen arteko kolaborazioak indarrak batzea ahalbidetzen du, kalitatezko folk jaialdi bat aurkezteko, doako kontzertuen bidez, Bidasoako ikusleak eta bisitariak erakarriz, gazteak eta helduak, zaleak eta jakinmina dutenak.

  • Copyright © 2017 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Iparralde hiribidea, z/g - KOSTORBE eraikina, 20302 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: 943 633 076 - Fax.: 943 633 963 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com