Enpresetako berrikuntzaren alde eginez jarraitzen du Irunek

 

 

  • “Irun Open Innovation”en hirugarren edizioa burutu dute

“Irun Open Innovation” ekimenaren hirugarren edizioan parte hartu du Bidasoa bizirik-ek.  Irailaren 19an izan da, Ficoban, Irungo Udalak antolatuta. Enpresetako berrikuntza erakusteko jardunaldia da,  sare ekonomikoa eta organizazioak hobetzeko helburuarekin. Horretarako, berrikuntzaren eremuan erreferentzia diren pertsonek parte hartu dute, estatu mailan zein nazioartean esperientzia dutenak, eta gure enpresen inspirazio iturri izango direnak, Irun “berrikuntzaren mapan” kokatzeko.

“Inspirazio iturri egokia dira beti ideia onak, eta berrikuntzan ere gertatzen da hori, horregatik, interesgarria da gertuko esperientziak ezagutzea, aldaketa txikiek hobekuntza handiak ekar ditzaketela erakusten dutenak”, azaldu du Miguel Angel Paez, Hiri Sustatzea arloko ordezkaria Irunen. Jardunaldiaren helburu nagusia da hori, hain zuzen ere, enpresetako eta organizazioetako berrikuntzari zuzendutako adibide praktikoak eskaintzea.

"Bestalde, enpresa berritzaileentzako erakusleiho izan nahi du ekimenak”, erantsi du Paezek: “Horretarako, mahai bakoitzean bertako esperientzia bat aurkeztu dugu”.

Hiru mahai-inguru izan dira berrikuntzari eskainitako jardunaldi honetan, enpresek eta bestelako organizazioek produktu berritzaileak sustatzeko erabili dituzten modu ezberdinei buruzkoak.

1.go mahaia: Kanpo ekarpenak 4.0 industriarako (ALGON E.M.M. SL).

2. mahaia: Eguneroko bizitza aldatzen duten teknologiak (LUMASUITE SL).

3. mahaia: Naturak berrikuntza inspiratzen duenean (EKONEK SL).

(Ekonek eta Lumasuite enpresek Irun Ekintzan saria jaso dute; Lumasuitek azken edizioan, Ekonek-ek lehenengoan).

Cecilia Tham-ek eskaini du lehen hitzaldia (Makers of Barcelona-ko sortzailea). Enpresaritza du bihotzean, eta diseinua eta sorkuntza ditu ogibide. Arkitektura ikasi zuen Harvard-en, eta Biologia Emoryko Unibertsitatean. Diseinuaren eta tekonologien bidez inpaktua sortuko duten komunitateak eraikitzea izan da bere ibilbide profesionalaren oinarri.

Bukatzeko, azken hitzaldia Antoni Gutierrez-Rubík eskaini du (komunikazio aholkularia eta kontsultore politikoa). Ideogramaren sortzaile eta zuzendaria da. 30 urte baino gehiago dituen komunikazio aholkularitza enpresa da Ideograma.

 

  • Copyright © 2017 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Iparralde hiribidea, z/g - KOSTORBE eraikina, 20302 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: 943 633 076 - Fax.: 943 633 963 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com