Euskal Herriko XII.pintxo txapelketan nabarmendu dira Bidasoa eskualdeko gastronomia establezimenduak

 

Pintxoei esker lurraldea gastronomia erreferente izan dadin pausoak emanez jarraitzen dute Bidasoa eskualdeko ostalaritza establezimenduek. Euskal Herriko pintxo txapelketaren XII.edizioan, bikainak izan dira emaitzak.

Hondarribiko Gran Sol tabernako Mikel Muñozek eta Mika Popek XII.Amstel Oro Pintxo Txapelketa irabazi dute, “Mika” pintxoarekin. Hirugarren txapela dute lehiaketan: 2010ean “Mollete arrautza urre erara, artzain ogi-mamiekin” pintxoarekin irabazi zuten, eta 2013an, berriz, “Bakailao ketu tosta, foiearekin” pintxoarekin.

Bestalde, Irungo Gaztelumendi tabernak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du, eta Giraldo saria irabazi, Ángela Basaberen eta Markel Ramiroren “Tocolao” pintxoari esker.

Irungo Danakoko David Rodriguezek eta Naiara Abandok pintxo estetikoenari ematen zaion Paradores saria jaso dute, “Lorea” pintxoari esker. “Pintxos 2018”, lehiaketaren inguruko xehetasunak bilduko dituen liburuko azala izango da pintxo hori.

Bukatzeko, Hondarribiko Danontzat gastrotekako Gorka Irisarrik pintxo popularrenari ematen zaion Kutxabank saria jaso du, “El capricho de Tasio” pintxoagatik. Banketxeko bost bezerok osatzen duten epaimahaiak ematen du sari hori. Euskadiko eta Nafarroako bulegoetan ausaz hautatzen dituzte bezero horiek.

Gastronomiari babesa

Establezimendu horien lana babesteko eta sustatzeko lanean ari da Bidasoa bizirik,  Euskadi Gastronomika bezalako proiektuen bidez. Gastronomia turismoko lidergoa egonkortzea du helburu nagusi, enogastronomia produktu turistikoa garatzarekin batera, kultura gastronomikoaren potentzial guztiarekin lotuta. Azken finean, bikaintasuna bilatzea, eta establezimenduen ahalegina eta lana aitortzea.

  • Copyright © 2017 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Iparralde hiribidea, z/g - KOSTORBE eraikina, 20302 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: 943 633 076 - Fax.: 943 633 963 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com