ABIAN DA GAZTEBILAN, GAZTEEI LAN MUNDUAN SARTZEN LAGUNTZEKO PROGRAMA


 

  • 30 urtetik beherako irundarrentzat da, eta dozena bat lagunek eman dute izena nazioarteko merkataritzaren eta sare sozialen sektoreetako prestakuntza jarduera bakoitzean.
  • Eskolak hasiak dira dagoeneko, edo hastear daude, baina, hala ere, izena emateko epea zabalik dago oraindik, Bidasoa bizirik-en (www.elespazio.com helbidean) eta 943 633 160 telefonoan.

Asteazken honetan, Gaztebilan programaren barruko ikastaroetan izena emateko prozesuaren eta haien hasieraren berri eman du Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Ángel Páezek. Izan ere, Irungo Udalak sustatzen du programa, Bidasoa bizirik-en bitartez, eta Irun Ekintzan Irungo garapen ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko itunaren esparruan enplegua sustatzeko neurrietako bat da. Hain zuzen ere, gazteei lan munduan sartzen laguntzea du helburu, doako prestakuntza jardueren bidez.

“Irun Ekintzan itunaren esparruan enplegua sustatzeko aldizkako neurrien artean, prestakuntza programak oso garrantzitsuak dira. Merezi du lan bat bilatzeko erronkari aurre egiteko ahalik eta prestatuen egotea, eta Udalak frogatu du bere esku dauden gaietan, Bidasoa bizirik-en eskutik, esku hartu egin nahi duela, behar gehien dituzten sektoreei laguntzeko; kasu honetan, hiriko gazteei”, adierazi du Páezek.
Gaztebilan programaren bitartez, bi programatan parte hartzeko aukera ematen zaie 30 urtetik beherako 30 irundarri, bi sektore oso jakinetan trebatzeko. “Bi jarduera ekonomiko oso jakin aukeratu ditugu, lan munduko egungo eskakizunak kontuan izanik, krisi urteei beste batzuek baino hobexeago aurre egin dietenak eta akaso etorkizun egonkorra dutenak”, erantsi du Páezek.
Alde batetik, nazioarteko merkataritzaren eta esportazioen esparruko jarduera ekonomikoetan trebatzeaz ari zen ordezkaria, enpresen lehiakortasunean duten eraginari dagokionez bereziki, eta, bestetik, community manager delako figuraren inguruan sare sozialetan espezializatzeaz. Bada, bi programek oso harrera ona izan dute, eta, horren adierazgarri, izena eman dutenen kopuru handia.
Nazioarteko merkataritzako eskola teorikoak urtarrileko azken astean hasiko dira, ITC Garraio eta Merkataritza Institutua ikastegi homologatuan, arratsaldez. Maiatzera arte iraungo dute, gutxi gorabehera, eta, ondoren, enpresetan praktikak egiteko aukera izango da. Orain arte, hamaika lagunek eman dute izena, baina bada onartutakoen zerrenda luzatzeko aukerarik, hamabost lagunentzat baitago tokia. Interesa duen edonork Bidasoa bizirik-ekin harremanetan jartzeko ohiko bideetatik eman dezake izena, www.elespazio.com helbidean eta 943 633 160 telefonoan.
Alde horretatik, aipatzekoa da nazioarteko merkataritzaren sektorean aritzeko funtsezkoa dela ingelesa eta sektoreko lexiko teknikoa jakitea. Hori dela eta, ikastaroaren barruan, ingeles profesionaleko eta nazioarteko merkataritzarako espezializatutako ingeleseko eskolak emango dira.

2.0 komunikazioa


Community manager izateko eskolak Irungo La Salle ikastegian dira, eta hamabi lagun parte hartzen ari dira. Aste honetan bertan hasi dira, baina, nazioarteko merkataritzako ikastaroan bezalaxe, oraindik badago tokia, eta, inork interesik badu, garaiz dabil oraindik. Hain zuzen ere, Bidasoa bizirik-ekin harremanetan jartzeko ohiko bideetatik eman dezake izena, www.elespazio.com helbidean eta 943 633 160 telefonoan.
Gaztebilan programak 85.775 euroko aurrekontua du, eta Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzaketa lortu du, Europako Gizarte Funtsaren bidez. Hain zuzen ere, deialdian, Irungo Udala izan da euskal instituzio bakarra laguntza bat hartzen, zeina programaren % 91 ere finantzatzeko adinakoa den.
  • Copyright © 2018 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com