Bidasoa bizirik-ek 25 urte bete ditu, eta egoitza estreinatu du Ducouraun

Orain arte Bidasoko puntu ezberdinetan banatuta zeuden zerbitzu guztiak batu ditu eskualdeko Garapen Agentziak, eraikin bakar batean, eta prestazio hobeekin.

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, Garapen Agentziaren 25.urteurrena ospatu dute. Atzo, ostegunean egin zuten ekitaldia, 18:30ean Bidasoa bizirik-en egoitza berrian, Ducourau eraikinean.

Ducourau eraikin historikoa Anzaran auzoan kokatua dago. 20ko hamarkadan eraiki zuten, etxe partikular gisa, XX.mende hasierako korronte erregionalistaren eredua jarraituz. Azken urteetan, Mondragon Unibertsitateko Irungo kanpusa hartu du. 

Ekitaldian langileak, zuzendaritzako kideak, ekintzaileak, enpresak eta Irungo eta Hondarribiko beste eragile publiko eta pribatuak egon ziren.

José Antonio Santano Irungo Alkateak, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak eta elkarteko Batzorde Nagusian parte hartzen duten udaletako ordezkariek ireki zuten ekitaldia.

Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak “lan taldearen meritu handia” nabarmendu zuen: “urtero-urtero indarberritu izan da, abangoardiako eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko”. Gainera, Bidasoa bizirik-en hurrengo urteetako agenda markatuko duten ideiak azpimarratu zituen: lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien duten pertsonen enplegagarritasunari babes etengabea ematea edo hiriko sare ekonomikoaren lehiakortasuna hobetzea.

Juan Mari Altuna Bidasoa bizirik-eko presidenteak ondorengoa erantsi du: “25 urte bete ditugu. Erronka bat dugu, egoitza aldatu dugu eta ilusioa dugu gure eskualdeko etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.

25 urteko historia

Bidasoa bizirik-ek 1992 urtean du jatorria, ADEBISA izenarekin. Une konplikatu batean jaio zen, aduanen desagertzearekin. Bertako ekonomia babesteko eta sustatzeko sortu zen, eta XXI.mendearen atarian Bidasoak bizi izan zuen birmoldaketan funtsezkoa izan zen. Lehen mugarri haren ondotik, 1996an, ekintzaileentzako lehen gela eta lehen enpresa zentroa ireki ziren, Santa Elenako instalazioetan, ekimen enpresarial berrientzako babes zerbitzua emateko.

1994 eta 1998 artean, Europako Batasunaren babesarekin, lehen pausoak eman ziren mugaz gaindiko lankidetzan. 1998an, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoa sortu zen. Mende berrian sartuta, 2006tik aurrera, Europako proiektuen kudeaketa sustatu zen.

Pixka bat beranduago, 2007an, Anakako El Espazio bulegoa ireki zen, eta 2009an, Krea Bidasoaren lehen edizioa egin zen. Aurten, 2018an, Bidasoa bizirik-eko instalazio guztiak Ducourau eraikinera pasa dira.

Horrek eraginkortasuna dakar Garapen Agentziak eskaintzen dituen zerbitzuetan, kalitatea handituz eta antolatutako jardueretara joaten diren pertsonen sarbidea sinplifikatuz. Gainera, lekualdatzearekin, kostuak murriztea ere bilatzen da, gaur egungo lan bulegoetako batzuk alokairuan baitaude. Orain, Departamentu guztiak eraikin berrian daude, turismo bulegoak, enpresa zentroak eta ostalaritza tailerretarako instalazioak izan ezik.

Zenbait datu

El Espazio enplegu eta gizarte berrikuntza departamentuan, 175.000 lagun baino gehiago hartu dituzte 2007az geroztik, eta formazio programa ezberdinak egin izan dira, enplegurako eta langileen profesionalizaziorako. Guztira, ia mila ikastaro izan dira, 30.917 parte hartzaileri zuzenduak. Gainera, Enpleguaren Astearen 20 edizio egin dira, 4.268 lanpostuko eskaintzarekin, eta 25.500 lagunen parte hartzearekin.

Bidasoa bizirik-eko Autoenplegu Departamentuan aholkularitza eta akonpainamendua eskaintzen dira, proiektu baten hasierako ideiatik enpresaren sorrerara arte. 1996az geroztik, 8.719 pertsona pasa dira bertatik, eta 2.193 enpresa sortu dira, 2.880 lanpostu eragin dituztenak.

Ekonomia, ikasketak eta berrikuntza departamentuan, lehiakortasun eta berrikuntza ekimenak martxan jarri dituzte: marketing digitala enpresa industrialentzat, produkzio eraginkorrerako planak nekazaritza industrialeko enpresetan, tokiko produkzioa sustatzeko kanpainak, enpresa sarearentzako sormen sesioak etab. Gainera, Irungo eta Hondarribiko enpresak nazioartera zabaltzeko proiektuak aurrera eraman, eta Krea Bidasoaren 10 edizio antolatu dira. Bidasoko Hiri Behatokiari dagokionez, Irungo eta Hondarribiko egoera ekonomikoaren jarraipena egin du.

Agentziaren ezaugarri nagusi izan da Europa mailako kooperaziorako dinamismoa, proiektu anitzak kudeatu baititu, Irunen eta Hondarribian jarduerak garatzeko, ekintzailetzaren, lehiakortasunaren, berrikuntzaren edo enpleguaren arloetan.

Azkenik, Turismo departamentuak 97.197 pertsona hartu zituen 2017an, aurrez-aurre, Irungo eta Hondarribiko hiru turismo bulegoetan. Web gunearen bidez 33.840 kontsulta jaso zituen, eta promozio turistikorako 11 ekintza aurrera eraman zituen azoka ezberdinetan.

Urtean zehar, kolaborazio mahai publiko-pribatuetan parte hartzen du Bidasoa bizirik-ek, eta ondorengo sare turistikoetan parte hartzen du: Euskal Kosta Euskadi, Euskadi Helmugak, Erdi Aroko Hirien sarea, Eurovelo, Atlantikoko Hiri Erromatarren sarea.

Publikoari arreta

Bidasoa bizirik-eko bulego berriak Ducourau jauregian daude, Hendaia kaleko 8.ean, Irunen. Harrera orduak ondorengoak dira: 9:00-14:00 eta 16:00-18:30. Informazio gehiago jaso daiteke www.bidasoa-activa.com web gunean eta 943 50 96 00 telefono zenbakian.

  • Copyright © 2018 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com