1993an, Bidasoko I. Plan Estrategikoa jarri zen martxan, eta, ordutik, eskualdeak mugaz gaindiko eta Europa mailako lurralde arteko hainbat lankidetza proiektutan parte hartu du.
Irungo Udaleko, Hondarribiko Udaleko eta Bidasoa bizirik tokiko garapen agentziako sailen bitartez, prestakuntza eta enplegu proiektuetan, ekintzailetza proiektuetan, enpresetan (batez ere, enpresa txiki eta ertainetan) berrikuntza sartzeko proiektuetan, turismoa sustatzeko proiektuetan, kultur eta kirol arloko trukeetan… lan egin du; laburbilduz, lurraldeko ekonomia eta gizartea garatzen lagundu dezaketen arlo guztietan.
Bestalde, Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoarekiko kudeaketa hitzarmenarekin bat etorriz –Irunek, Hondarribiak eta Hendaiak osatzen dute Partzuergoa, 1998tik–, Agentzia arduratzen da Partzuergoaren jarduera esparru nagusietan mugaz gaindiko lankidetza proiektuak kudeatzeaz: turismoa, kultura, euskara, kirola, mugikortasuna, ondare historiko eta kulturala.
1993tik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren babesa izan dute proiektu horiek; hain zuzen ere, Europar Batasunak Europako Gizarte Funtsaren, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren, Kohesio Funtsaren eta beste hainbat programaren bidez babestu ditu, hala nola INTERREG I-II-II-IV mugaz gaindiko lankidetza programaren eta POCTEFA Espainia, Frantzia eta Andorra arteko lurralde elkarlanerako programa operatiboaren bidez.
Bestalde, Bidasoko Hiri Behatokiaren bitartez, Bidasoa bizirik-ek eskualdeko datu sozioekonomiko nagusiak eguneratzen ditu, etengabe, eta sektore ekonomiko nagusien bilakaeraren, joeren eta albisteen berri ematen du, lurraldean erreferentziazko kontsulta eta informazio tresna izan nahian.