Bidasoa bizirik-ek Bida-LAN proiektua jarri du abian, kolektibo behartsuenen enplegu-aukerak hobetzeko
- Proiektua Emaus Gizarte Fundazioarekin eta Mendibil Elkarte Pedagogikoarekin lankidetzan garatuko da.
- Programa pasa den astean hasi zen, hamar lagunen parte-hartzearekin, eta lau fasetan garatuko da.
Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez eta Emaus Gizarte Fundazioarekin eta Mendibil Elkarte Pedagogikoarekin lankidetzan, Bida-LAN proiektua jarri dute abian gaur. Proiektu honen helburua eskualdeko kolektibo behartsuenen enplegu-aukerak hobetzea da.
Proiektu honetan Irun eta Hondarribiko ekonomiarekin, prestakuntzarekin eta enpleguarekin lotutako hainbat eragilek parte hartzen dute. 50 pertsona inguruk parte hartuko dute, eta lau jarduera egingo dira. Lehenengo biak hasi dira jada, eta hamar pertsonak hartuko dute parte. Parte-hartzaileek haien ibilbideak garatzeko prozesu pertsonalizatuak garatuko dituzte, programak aurrera egin ahala zehaztuko direnak. Lehenengoa aktibazio eta produktibitate pertsonaleko prozesu bat izango da, non parte-hartzaile bakoitzak bere gaitasun pertsonalak eta digitalak garatuko dituen.
Hirugarren fasea azaroaren erdialdean hasiko da, eta honako arlo hauetan eskainiko da prestakuntza: bezeroaren arreta eta telemarketina; ekintza osagarriak eta digitalizazioa saltokietan; pintura eta elektrizitatea.
Azkena pertsona horiek lan-merkatuan sartzen laguntzeko fasea izango da, non pertsona bakoitzaren ezaugarrien araberako ibilbideak diseinatuko diren.
Lehen bi jarduerak Bidasoa bizirik-eko instalazioetan egingo dira, eta prestakuntza-fasea, berriz, Emausen eta Mendibil Elkarte Pedagogikoaren instalazioetan.
“Bidaso bizirik-en beti egon gara lana aurkitzeko zailtasun handienak dituzten pertsonekin konprometituta, eta horiek dira gaur egun bizi dugun pandemiaren ondorioak gehien pairatzen ari direnak. Horregatik, haientzako programa espezifiko berri bat diseinatu dugu, aurretik garatu ditugun beste batzuen ildotik, pertsona horiei lan merkatuan sartzen laguntzeko “, azaldu du Miguel Angel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
“Zehazki, Bida-LAN lan-merkatutik urrun dauden edo ‘enplegagarritasun gutxiko’ profiletan sartuta egoteagatik sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dago, hala nola gazteak edo 45 urtetik gorakoak eta desgaitasunen bat dutenak, laguntza ekonomikoak jasotzen dituztenak, atzerritarrak eta abar”, adierazi du Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak.
Aipatu behar da Bida-LAN proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen Departamentuak diruz laguntzen duela, enplegua sustatzeko eta laneratzeko laguntzak emateko 2020ko deialdiaren bidez (ELKAR-EKIN Lanean).
Bida-LAN proiektuaren inguruko informazio gehiago jaso nahi dutenek, 943-509625 telefonora deitu edo elespazio@bidasoa-activa.com posta elektronikora idatz dezakete.
Kolektibo behartsuenei zuzendutako beste programa batzuk
Kolektibo behartsuenei zuzendutako beste programa batzuei dagokienez, gaur egun HAZILAN programa amaitzen ari da Bidasoa bizirik-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutakoa. Proiektu honetan parte hartu duten 13 pertsonek konpetentziak hobetzeko ibilbide bat egin dute otsailaz geroztik, metodologia berri batekin eta prestakuntza-praktiken prozesu batekin. Orain arte, bost pertsona sartu dira lan merkatuan lan-kontratu batekin.