‘KOLAB ViaIrun’ trenbide espazioaren garapenean jarduera ekonomiko berriak sustatzeko programa sortu da
- Programa Irungo Udalak antolatu du, Bidasoa bizirik-en bidez eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan.
- Programaren lehen fasean lau tailer egingo dira.
Irungo Udalak, Bidasoa bizirik-en bidez eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, KOLAB programa jarri du abian, ViaIrun proiektuaren sustapen ekonomikoaren arloaren barruan. KOLAB ViaIrun baterako sorkuntzarako eta elkarlanean aritzeko gunea da. Bertan, ekimen eta proiektu berriak sortuko dira, mugikortasun garbiaren, retail 4.0 eta garraio eta logistika aurreratuaren sektoreetan hauteman diren joeren inguruan.
“ViaIrun proiektuak berri onak ematen jarraitzen du Bidasoa eskualderako. Aste honetan bertan nazioarteko estazio berria eraikitzeko proiektua aurkeztu ondoren, datorren urteko lehen seihilekoan lehiaketa publikora aterako dela, ziur askitrenbide-eremu osoan aukera berriak sortzeko bidean jarraitzen dugu. Urte hauetan esparru hori garatzeko egiten ari diren lanetan funtsezko elementua da, bultzada ekonomikoari, enpleguaren sorrerari eta zerbitzu berriei dagokienez. Ildo horretatik, Irungo Udalak, Bidasoa bizirik-en bidez, KOLAB programa jarri du abian, hainbat fasetan garatuko dena”, azaldu du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
Abian da lehen fasea
Programaren lehen fasea hasi berria da, eta bi helburu dituzten lau tailer garatuko dira. Alde batetik, eskualdeko enpresa-sarearen gaur egungo gaitasunen eta aztertutako joeretara egokitzeko beharrezko gaitasunen arteko alde nagusiak antzematea. Bestetik, identifikatu diren beharretatik proiektu ideiak elkarlanean sortu.
KOLAB programa enpresa-sareari, industria-sektoreari, garraio- eta logistika-sektoreari, retail 4.O sektoreari eta zerbitzu aurreratuetako enpresei zuzenduta dago. Orain arte 35 enpresak eman dute izena programan. Bestalde, azpimarratu behar da prozesu hori aurrera eramateko IDOM CONSULTING enpresaren laguntza teknikoa dugula, esperientzia handia baitu horrelako ekimenetan.
Lehen tailerra joan den asteazkenean egin zen, Palmera Montero Gizarte Etxean. Bertan, 26 enpresak tailerraren lehen zatian lehenetsi zituzten hamahiru joeraren inguruko aukerak landu zituzten.
IDOM CONSULTINGeko Ander Pomposok azaldu duenez, “oraintxe bertan, lehenengo tailerrean atera zen guztia birpentsatzen ari gara, eta hurrengo topaketetan, enpresekin elkarlanean eskualdean gara daitezkeen proiektu oso zehatzetan lan egingo dugu”.
Hurrengo tailer horiek Irun Factoryn egingo dira azaroaren 4an, 11n eta 18an (ostegunetan beti), 9:00etatik 11:30era, eta izenburu hauek izango dituzte: ‘Ikuspegi tailerra eta erronkak’, ‘Proiektuen identifikazio tailerra’ eta ‘Proiektuak kontzeptualizatzeko tailerra’.
Tailer horietan izena emateko epea zabalik dago. Beraz, parte hartu nahi duten enpresa eta entitateek Bidasoa bizirik-eko web orrian eman dezakete izena: www.bidasoa-activa.com.
Bigarren fasea
María Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak azaldu duenez, “lantegietan sortzen diren proiektuen ideiak bigarren fasean landuko dira gero. Zehazki, ideia horiek garatzen lagunduko gaituzten enpresa espezializatuen bidez egingo dugu, hala nola zentro teknologikoen edo aholkularitzen bidez”.