Bidasoa bizirik-ek ‘Bidasoa Digitala’ programa jarri du abian eskualdeko enpresen eraldaketa digitala sustatzeko
- Enpresa txiki eta ertain horien eraldaketa digitala sustatzea du ardatz, aldaketaren bultzatzaile gisa.
- Eraldaketa digitaleko prozesuaren estrategia diseinatzen lagunduko zaie, gutxienez, 15 enpresari.
Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez, berriro jarri dute martxan ‘Bidasoa Digitala’ programa, Foru Aldundiaren ‘Gipuzkoa Digitala’ programaren ‘ETE Digitala’ lerroaren barruan dagoena.
Programa honen helburua da lurraldeko garapen agentziek ETEen lehiakortasuna bultzatzeko egiten duten lanean sakontzea. “Zehazki, Bidasoa Digitala enpresa txiki eta ertain horien eraldaketa digitala bultzatzean oinarritzen da, aldaketaren, berrikuntzaren eta balio erantsi handiagoko sorkuntzaren bultzatzaile gisa. Programak erraztu egiten du diagnostiko bat, ekintza plan bat, proiektuaren definizio bat eta, hala badagokio, haren ezarpena ahalbidetzen duten ibilbideak garatzea” azaldu du Bidasoa bizirik-eko lehendakari Miguel Ángel Páezek.
Garapena bi fasetan
Idom aholkularitza-enpresaren laguntza teknikoaren bidez garatuko da programa, eta bi fasetan gauzatuko da.
Lehena transformazio digitalerako bide-orria egitea izango da. Gutxienez 15 enpresari laguntza eskainiko zaie eraldaketa digitaleko prozesuaren estrategia diseinatzen. Horretarako, egoeraren diagnostikoa eta ibilbide-orria egingo dira, landu beharreko arloak zehazteko.
Lehen fase honetan bi enpresa motarekin lan egingo da: alde batetik, 2017an Bidasoa bizirikek eskualdeko 15 enpresari egin zien diagnostiko digitalean parte hartu zutenak. Horietatik 5 eta 7 bitarte hautatuko dira, egungo egoera ezagutzeko, urte hauetan zer egin duten jakiteko, diagnostikoa eguneratzeko, ibilbide-orri berri bat egiteko eta eraldaketa digitala bultzatzeko.
Bestalde, batez ere industria-sektoreko enpresekin lan egingo da, ez baitzuten parte hartu 2017. urteko diagnostiko digitalean eta une honetan eraldaketa digitaleko prozesu bati ekin nahi baitiote.
Bigarren fasean proiektuak zehaztu, lehenetsi eta landuko dira. Horretarako, gutxienez sei enpresatan banakako aholkularitza lana egingo da. Ekintza horrek lagunduko du landu beharreko arloak ezartzen eta inbertsioak, kostuak, enpresa hornitzaileak eta horiek ezartzeko aplikatu beharreko laguntza-programak definitzen. Gainera, kasu batzuetan, inbertsioaren itzulera-azterketa barne hartuko duen izaera kuantitatiboa definitzen lagunduko du.
Bigarren fase horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak banakako prestakuntza jasoko du. Helburua da emandako informazio guztia kudeatzeko autonomia lortzea eta etorkizunean aldaketak, hobekuntzak eta eguneratzeak egin eta gehitu ahal izateko behar duten informazio ematea.
“Azken batean, enpresak eraldaketa digitalari buruz sentsibilizatzea da kontua. Prozesu hori enpresa-estrategian integratu behar da, eta erakundearen adimen kolektiboaren erabaki-mekanismoekin garatu behar da. Ezagutza horri esker, enpresak teknologia berriekin bat egin ahal izango du, gero eta mundu digitalizatuago batean aukera berriak hartzeko”, azaldu du María Serrano Bidasoa bizirik-eko lehendakariordeak.
Bestalde, Páezek gaineratu duenez, “lan honen bidez eraldaketa digitala sustatuko da lehiakortasunerako tresna estrategiko gisa, enpresek beren egoera estrategiko digitala diagnostikatu eta, ahal bada, ekintza-plan digital bat egin dezaten”.
Teknologiak enpresen funtsezko prozesuetan sartzea
Ikuspegi teknikoenetik, Idom-eko proiektuaren arduraduna den Antonio Lázarok nabarmendu duenez, “oso ondo ulertu behar da azken helburua, hain zuzen, enpresaren eraldaketa dela, aldaketak oso azkarrak diren ingurune batean”. Horretarako, adierazi du “benetan eraldatzailea den efektu hori gertatzeko gakoa enpresan gertatu behar diren bi alderdi konbinatzea dela: teknologia horiek enpresaren funtsezko prozesuetan sartzea, estrategiaren, kulturaren eta antolaketa-ereduaren bilakaerarekin batera. Ikuspegi bikoitz horretatik soilik maximizatu ahal izango da lortu nahi den eta enpresarentzat negozio-eredu eta aukera berriak sor ditzakeen transformazio-efektua”.
Bestalde, Algon enpresako Diego Badiolak, 2017. urtean parte hartu zuenak, azaldu duenez, “Bidasoa Digitalaren bidez, 4.0. industriaren inguruko diagnostikoa eta ekintza-plana” egin zituztela. “Oso esperientzia positiboa eta interesgarria izan zen, eta digitalizazioan eta industria 4.0 horretan egin genuen lehen pausoa izan zen. Bi gai horiek hainbeste gauza biltzen dituzte ez genekiela nondik hasi ere. Eta Bidasoa bizirik eta gurekin lan egin zuten adituei esker, lehiakideekiko eta gainerako enpresekiko non geunden jakin ahal izan genuen, digitalizazioan noraino iritsi nahi genuen zehaztu genuen eta jarraitu beharreko urratsak prestatu genituen. Haiek 2017az geroztik garatzen ari garen plan digitala ezartzen lagundu ziguten. Horregatik guztiagatik, iruditzen zait oso aukera ona eta paregabea dela digitalizazio-arloan aurrera egin nahi duten baina nola edo nondik hasi behar duten ez dakiten inguruko enpresentzat”.