Bidasoa bizirikek bizikleten mekanika eta mantentze lanen inguruan prestakuntza eskaini die lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei
- Prestakuntza Bida-LAN proiektuaren barruan garatu da eta Emaus Gizarte Fundazioak eta Balazta Elkarteak eman dute.
- Prestakuntza zortzi pertsonek amaitu dute, eta martxoan zehar lanez kanpoko prestakuntza-praktiken egonaldiak egingo dituzte eskualdeko enpresetan.
Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa biziriken bitartez eta Bida-LAN proiektuaren bigarren edizioaren barruan, ‘Bizikleten mekanika eta mantentze-lanak’ izeneko ikastaro berria egin dute. Proiektuan Emaus Gizarte Fundazioak eta Balaztak, bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatzen duen elkartea, parte hartu dute.
Lan-merkatutik urrun dauden edo sartzeko zailtasunak dituzten talde edo pertsonei zuzendutako prestakuntza da (laguntzak jasotzen dituztenak, 45 urtetik gorakoak, gazteak, aniztasun funtzionala duten pertsonak, atzerritarrak, etab.) eta 11 pertsonak hartu dute parte.
Ikastaroa abenduan hasi zen eta bi zatitan egin da: lehenengoa, 140 ordukoa, Emaús Fundazioak eman zuen, bizikleten mekanikako oinarrizko edukiak garatzeko.
Bigarren zatiak 32 ordu irauten du, eta Balazta Elkartea ematen ari da. Bizikleta elektrikoei buruzko edukiak garatzen ari dira, eta, zehazki, elektrifikazio-kitak muntatzeari eta desmuntatzeari buruzkoak. Martxoan zehar, ikastaroa amaitu duten pertsonek lanekoak ez diren prestakuntza praktikak egingo dituzte eskualdeko enpresetan.
Bizikleten elektrifikazioaren bigarren zati horrek prestakuntza nagusia osatu du, berariazko modulu gisa garatu da eta, kasu honetan, Irun Ekintzan-en urteko jardueren bidez finantzatu da.
Aipatzekoa da, bestalde, bai Emaús eta bai Balazta lankidetzan aritu direla proiektu osoan, eta
Elkarteak gure eskualdean egiten ari den ‘Birzizlatu’ bizikletak birziklatzeko proiektuaren bidez bizikletei bigarren bizitza eman diela.
“Bidasoa bizirik-ek konpromiso handia du lana lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonak lan-merkatuan sartzen laguntzearekin. Zailtasun horiek, tamalez, larriagotu egiten dira gaur egun bizi dugun egoeraren ondorioz. Testuinguru horretan, horrelako ikastaro bat egiteko ideia pandemian bizikletaren erabilerak izan duen gorakadaren ondorioz sortu zen, bai eta azken urteotan izandako eskariaren igoeraren ondorioz ere. Aukera ona iruditu zitzaigun; izan ere, agian, prestakuntza horren bidez lortutako ezagutzei esker, arazo gehien dituzten pertsona horiek hazten ari den sektore horretan lana aurkitu dezakete”, azaldu du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko lehendakariak.
Proiektu honen beste helburuetako bat izan da “mugikortasun iraunkorra sustatzea, berotze globalaren aurka borrokatzeko aukerarik onenetakoa baita. Bidasoa bizirik-ek aspalditik egiten du lan horretan ere, izan ere onura handiak eskaintzen dizkie bai ingurumenari bai herritarrei”, adierazi du Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko lehendakariordeak.
Balorazio positiboa
Prestakuntzari balorazio positiboa eman diote bai partaideek, bai Emaus Gizarte Fundazioko eta Balaztako kideek ere.
Adibidez, Freddy Ramírezek, ikasleetako batek, nabarmendu duenez, “oso jarduera interesgarria iruditu zait eta asko ikasi dut. Teoria eta tailerreko praktika konbinatzen duen metodologia oso egokia izan da. Orain gogo eta itxaropen handia dut praktikei begira, eta gero lana aurkitu nahiko nuke arlo honetan”.
Emaus Gizarte Fundaziotik, Elena Frailek adierazi duenez, “Fundazio Sozialetik oso positiboki baloratzen ditugu honelako prestakuntza-ekimenak. Izan ere, parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko lan egiteaz gain, ekonomia zirkular eta jasangarriarekin oso lotuta dago, bigarren bizitza bat emanez erabiltzen ez ziren eta orain Balazta elkarteak berriro erabili ahal izango dituen bizikletei. Talde osoak izan duen inplikazioa, motibazioa, gogoa eta giro ona ere azpimarratu behar dira”.
Azkenik, Balaztako Arkaitz Arozena Salaberriak hau nabarmendu du: “Plazer handi bat izan da nire ezagutzak talde honekin elkar banatu ahal izatea, bizikletak eskaintzen dituen onura anitzak agerian jarri baidizkit, bai plano sozialean bai eta pertsonalean ere”.
Bida-LAN proiektua
Eskualdeko Garapen Agentzia den aldetik, Bidasoa bizirik-ek eskualdeko enpleguaren aldeko akordioen idazkaritza teknikotik (Irun Ekintzan eta Hondarribia Abian) proiektu, programa eta jarduerak bultzatzen ditu, zailtasun gehien ditzuten kolektiboen lan-aukerak hobetzeko.
Horren ondorioz diseinatu zen Bida-LAN proiektua, Bidasoa bizirik eta Irun Ekintzango Kualifikazio eta Laneratzeko Mahaia osatzen duten eskualdeko hainbat erakunderen arteko lankidetzatik sortu zena. Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen Sailak finantzatutako proiektua da, Elkar-Ekin Lanean enplegua sustatu eta laneratzeko laguntzen deialdiaren bidez.
Proiektuaren helburua da eskualdeko kolektibo zaurgarrien enplegu aukerak hobetzea. Gainera, eskualdean garatzen ari den maila anitzeko gobernantza-eredu irekian eta lankidetzakoan oinarritzen da, baita lurraldeko ekonomiarekin, prestakuntzarekin eta enpleguarekin zerikusia duten eragileen parte-hartzean ere.
Proiektuaren bigarren edizio honetan, sei prestakuntza-ibilbide planifikatu dira, bakoitza bere enpresetako praktika-prozesuekin. Horietako bi eskualdeko erakundeekin elkarlanean garatu dira: Irungo La Sallek ‘Arreta- eta salmenta-zerbitzua arrandegian’ ibilbidea egin du, eta Mendibil Elkarte Pedagogikoak ‘Ehun eta larruzko konponketa eta moldaketak’ ibilbidea egin du. Bi ibilbideetan 22 pertsonak hartu dute parte.
Bestalde, Bidasoa bizirik gainerako prestakuntza-ibilbideak egiten ari da (Ostatuen oinarrizko teknikak, Laneko arriskuen prebentzioa eraikuntzan, Zamak manipulatzea eta Bizikleten mekanika). 46 pertsonak hartu dute parte ibilbide horietan. Gainera, enplegu-ibilbide pertsonalizatuak egiten ari da beste 60 pertsonarekin, eta laneratzeko ibilbide horiek lan-eskaintzen prospekzio eta bitartekotza lanekin osatzen ditu. Halaber, bi enplegu azoka antolatu eta kudeatu ditu, eta horietan 400 lanpostu baino gehiago eskaini dira.
Prestakuntza zortzi pertsonek amaitu dute, eta martxoan zehar lanez kanpoko prestakuntza-praktiken egonaldiak egingo dituzte eskualdeko enpresetan.