Enpresa berriak sortzea helburu duten proiektu berritzaileak bultzatzen ditu Bidasoa bizirik-ek
- Agentziak aurten ere ‘Bidasoan ekiteko bekak’ jarri ditu abian, enpresa-proiektu berritzaile bati ekin nahi dioten pertsonentzat.
- Ekintzaile bakoitzak 2.500 euro jaso ahalko ditu eta izena emateko epea 2022ko apirilaren 30era arte egongo da zabalik. Bidezkoa bada, maiatzaren 1etik irailaren 30era bitartean beste epe bat irekiko da.
Irunen, 2022ko martxoaren 10ean.- Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez, Bidasoan ekiteko beken beste deialdi bat egin dute. Enpresa-proiektuak garatzen laguntzeko programa bat da, negozioaren ideia zehazteko eta ekimen zirkularra eta gizarte-berrikuntza garatzeko prozesuetan. Proiektuak 15.000 euroko aurrekontua izango du, aurreko urteetan baino 6.000 euro gehiago.
Beka hauen helburua da enpresa-proiektu bihur daitezkeen ideia berritzaileak dituzten pertsonei laguntza ekonomikoa ematea. Bekadunek, halaber, lanpostu bat izango dute Bidasoa bizirik-eko coworking gunean, inolako kosturik gabe, eta WiFi sarea, bilera-gelak erabili ahalko dituzte eta ekimen-ekosistema batean lan egin ahalko dute. Gainera, ekintzailetza-ekosistema batean lan egingo dute, lankidetza- eta berrikuntza-ingurune ireki batean.
Bidasoa biziriki-eko lehendakari Miguel Ángel Páezek nabarmendu duenez, “aurreko lau urteetako emaitza onek proiektu honetan lanean jarraitzera bultzatzen gaituzte. Helburua da pertsona ekintzaileen potentziala babestea, talentua, berrikuntza eta sormena bultzatuz, negozio-ideiak gara ditzaten. Horrela, gainera, ekintzailetza soziala eta ekonomia zirkularrerako trantsizioa bultzatzen dira”.
Bestalde, María Serrano Bidasoa bizirik-eko lehendakariordeak gaineratu duenez, “beken beste helburuetako bat da proiektu bat abian jarri nahi dutenean pertsona askok aurkitzen duten oztopoak kentzea, hala nola, baliabiderik eza eta enpresa-proiektua behar bezala diseinatzeko denbora eza”.
Baldintzak eta izen-ematea
Bekak eskatu ahalko ditu Irunen edo Hondarribian erroldatuta dagoen, eskualdean empresa bat sortu nahi duen eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda ez dagoen adin nagusiko edozeinek. Gainera, eskatzaileak ezin izango du bekaren onuradun izan azken 3 urteetan, bi herrietako udalekiko zerga-betebeharrak eguneratuak izan beharko ditu, eta Irunen edo Hondarribian enpresa bat sortzeko ekimena garatzeko konpromisoa hartu beharko du.
Deialdi honek beka eskatzeko bi epe izango ditu. Lehen epea 2022ko apirilaren 30ean bukatuko da, eta, hala badagokio, bigarren aldiz irekiko da maiatzaren 1etik irailaren 30era bitartean.
Bekadun bakoitzak 2.500 euro bitarte jaso ahalko ditu, eta hileko esleipena ezin izango da 400 euro baino gehiagokoa izan, gehienez ere sei hilabetez. Aipatu behar da bi zenbatekoak aurreko edizioetan baino handiagoak direla, proiektu honetarako aurrekontua handitu egin baita.
Aurkezten diren proposamenak baloratzeko orduan, Bidasoa bizirik-ek zerotik ehun puntura bitarteko baremoa ezarriko du. Baremo horretan, proposatutako negozio-ideiarekin lotutako prestakuntza teknikoa eta lanbide-esperientzia ebaluatuko dira, bai eta enpresa-kudeaketako prestakuntza, proposamenaren definizio- eta argitasun-maila, aurreikusitako lan-plana eta proposamenaren interes-maila ere, ‘Bidasoako Garapen Ekonomikorako Plan Estrategikoaren’ helburuak lortzeko egiten duen ekarpena kontuan hartuta.
Informazio gehiago jaso edo proiektuak aurkeztu nahi dituztenek Bidasoa bizirik-eko Ekintzailetza eta Jarduera Berrien Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, telefonoz 943 50 96 00 zenbakira deituz edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera mezu bat bidaliz.
Bost beka 2021ean
Iazko edizioan bost beka eman ziren proiektu berritzaileetarako: ‘Euskadi zaporearen bidez’ ikus-entzunezko produkzio-etxea; bitxigintza organikoko empresa bat; moda iraunkorreko bi marka eta adimen artifizialean oinarritutako aplikazio bat.
Azken horren atzean Javier Aguirre dago, bere proiektuari ‘AI Composer’ izena eman diona. Plataforma anitzeko partiturak editatzeko ekosistema bat da, musika-konposizioa edozein lekutan azkar eta intuizioz egiteko aukera ematen duena ahots bidezko adimen artifiziala erabiliz.
Bidasoa bizirik-ek prestakuntza eta finantzaketa eskaini dio Javierri. Gainera, gazteak EHUko Entreprenari Programako Manuel Laborde Werlinden Sarietan jaso du saria, ‘Gradu Amaierako Proiektuak, Masterra eta Doktoretza Tesiak’ kategorian.
Javierrek nabarmendu duenez, “beka jasotzeak alderdi askotan laguntzen dizu. Horietako bat Bidasoa bizirik-era sei hilabetez joateko konpromisoa da, proiektua garatzera behartzen zaituena. Bestalde, oso positiboa da coworking-ean lan egiten dugun pertsona ekintzaile guztien artean sortzen den giroa; zure inguruan jendea izateak bultzatzen zaitu ekiten jarraitzeko. Azkenik, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit Bidasoa bizirik-etik eskaintzen dizkizuten harremanak, proiektua garatzen laguntzen dizutenak”.
EHUko sariari dagokionez, Javierrek adierazi duenez, “bide horretatik jarraitu behar dudala baliozkotzea da, oso beharrezkoa den zerbait, izan ere, bide hori oso luzea egiten da batzuetan. Baina norbaitek esatea proiektuak balio duela, animatzen zaitu”.
Bestalde, Julene Iraolak, beka ‘Wave Back’ moda jasangarriko marka martxan jartzeko jaso duenak, honakoa nabarmendu du: “Asko lagundu digu, batez ere izapide administratiboak egiten, guretzat hasieran ezezagunena zena. Baina Bidasoa bizirik-en oso ondo aholkatzen dizute eta edozein zalantza berehala argitzen dizute. Halaber, azpimarratuko nuke egunero lantoki batera joateko aukera izateak zentratzen laguntzen dizula eta lana errazten dizula, adibidez, bilerak egiteko orduan”.