Uztailean Hondarribian jasotako turismoaren heren bat atzerritarra izan da
Uztailean Hondarribia bisitatu duten pertsonen erdiak baino gehiago estatuko hainbat tokitatik etorri dira. Turismo nazionala % 52 izan da, eta nazioartekoa, berriz, % 36. Hotel-okupazioa, establezimenduek beraiek emandako zifren arabera, % 83,78koa izan da batez beste.
Hotel-okupazioari dagokionez, hainbat maila erregistratu dira establezimendu motaren arabera. Testuinguru horretan, Hondarribiko Jauregi hoteletik egiten duten uztaileko balorazioa “positiboa da eta pandemiaren aurreko jarduera-zifren susperraldia sendotzen du, okupazio-maila oso altuarekin, abuzturako ere aurreikusia dagoena”. Beraien kasuan, gainera, “bezeroak egonaldi luzeagoak egiten ari dira”.
Era berean, Artizarra Nekazalturismoko Lourdes Amundarainek ondo lan egin dutela adierazi du. “Uztaileko bost egunetan bakarrik izan dugu nekazalturismoa libre. Batez ere, turismo nazionala jaso dugu. Aldez aurreko erreserbekin lan egiten dugu; arazo nagusia azken orduko ezerezteak izaten dira”.
Mikalela Pop, Hondarribiko Mika jatetxeko arduradunaren ustez, “egoera desberdina izaten da urtero eta aurtengo uztailean, ziurrenik, hauteskundeek eta eguraldiak eragina izan dute”.
Bisitarien jatorria
Tokiko eta gertuko turismoa Hondarribiko Turismo Bulegoetan uztailean jasotako bisiten % 11 izan da. Guztira 5.484 pertsonari eman zaie arreta, eta horietatik % 5 baino gehiago bisitari nazionalak ziren.
Turismo nazionalaren buru Madrildik ( % 13), Kataluniatik ( % 8), Valentziatik ( % 5), Gaztela-Mantxatik ( % 4) eta Andaluziatik ( % 4,83) etorritako bisitariak izan dira. Atzerriko turismoari dagokionez, jatorri nagusia Frantzia da ( % 25), ondoren Alemania, Erresuma Batua, Belgika eta Argentina daudelarik.
Kontsultak kultur jarduerekin eta sarreren salmentarekin lotuta egon dira, gertuko turismoaren kasuan. Gainerako bisitariek interes turistikoa duten lekuak, planoak eta liburuxkak, Donejakue bidea eta familia-turismoa, komunikazioak, garraioa eta natura izan dituzte hizpide.