Desberdintasun-egoerak detektatzeko eta horiek desagerrarazteko Bidasoa bizirikek ikastaro bat emango du
- “Berdintasuna Lantzen” proiektua prestakuntza-ibilbide kualifikatzaile batek osatzen du, 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiri baten bidez.
- Langabezian dauden 13 emakumek parte hartzen dute, gehienak Bidasoaldekoak
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa biziriken bitartez, “Berdintasuna Lantzen” proiektua jarri dute abian. Proiektu horrek prestakuntza-ibilbide bat du, eta parte-hartzaileak desberdintasun-egoerak detektatzeko gaitzea du helburu, egoera horiek gizarte osoaren aurrean ikusaraziz, prebentzioan eta desagerraraztean lan eginez erakundeekin eta gizarte-eragileekin lankidetzan, eta emakumeen herritarren parte-hartzea bultzatuz.
Proiektuak prestakuntza-ibilbide kualifikatzaile bat du, 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiri baten bidez osatua (“Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako sustapena (SSCE0212)”). Halaber, parte-hartzaile bakoitzak lanekoak ez diren 120 orduko prestakuntza-praktikoak burutuko ditu. Era berean, proiektua “Soft skills” gaitasunak garatzeko tailer batekin osatuko da. Bertan, enplegagarritasunarekin eta emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako sustapenaren lan-esparruarekin lotutako zeharkako konpetentziak identifikatu, balioetsi eta entrenatuko dira.
Prestakuntza arratsaldez egiten da eta 13 emakume langabek hartzen dute parte, gehienak eskualdekoak. 2024ko irailean amaituko dute ibilbidea.
“Garrantzitsua da aitortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-etorkizuna enpresa-, politika- edo hezkuntza-esparru berean nahi badugu, ezinbestekoa dela garapen-eragile gisa egiten dugun jardueratik egindako lana indartzea eta berdintasun-agentearen figura sustatzea, bai gizartean, bai lanean”, adierazi du Miguel Ángel Páezek, Bidasoa bizirikeko presidenteak.
Bestalde, Estitxu Urtizbereak, Bidasoa bizirikeko lehendakariordeak, gaineratu duenez, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko arlo sozialean, kulturalean eta laboralean politikak martxan jarri eta neurriak hartu diren arren, agerian geratzen da sexuen arteko desoreka nabaria da oraindik ere. Hori dela eta, “Berdintasuna Lantzen” proiektua jarri dugu abian, pertsonak desberdintasun-egoerak identifikatzen ikasteko eta egoera horiek prebenitzeko tresnak ezagutzeko”.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du proiektu hau, laneratzeko eta berrikuntza soziolaboraleko proiektu bereziak garatzeko laguntzen deialdiaren esparruan, lana lortzeko edo enplegua mantentzeko zailtasunak dituzten langile landun eta langabeentzat.