Bidasoa bizirik-ek eta Deustuko Unibertsitateak lankidetzahitzarmena sinatu dute Zuzendaritza Estrategikoko Heziketa Ibilbide Duala garatzeko
- Hitzarmena gaur goizean sinatu dute Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak eta Álvaro de la Rica Deusto Business Schooleko dekanoak.
- Unibertsitateko bi ikaslek otsailetik aurrera prestakuntza duala Garapen Agentzian egiteko aukera izango dute.
Irunen, 2021eko urriaren 8an.- Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, Bidasoa bizirik Unibertsitateko Zuzendaritza Estrategikoko Heziketa Ibilbide Dualaren enpresa laguntzaile izan dadin. Ondorioz, bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute Prestakuntza Ibilbide Dual hori garatu, diseinatu, zabaldu, ezarri eta jarraitzeko, eta Deustuko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko hirugarren eta laugarren mailako ikasleek Prestakuntza Duala Garapen Agentzian egiteko aukera izango dute.
Prestakuntza duala irakaskuntza-ikaskuntza prozesu sistemikoa da. Ikasleak modu integratuan bereganatzen ditu ezagutzak eta gaitasun praktikoak, bai Deustuko Unibertsitatean, bai enpresa edo erakundean.
Gaur goizean sinatutako hitzarmena Deustuko Unibertsitateko Deusto Social LAB proiektu estrategikoaren barruan dago, eta Deustuko ikasleei aukera emango die prestakuntza integratua lortzeko, bai unibertsitatean, bai Bidasoa bizirik-en. Hartara, ikasleek zeregin aktiboa izango dute beren ikaskuntza-prozesuan, eta bi aldeek gainbegiratuko eta ebaluatuko dute, unibertsitateko zein Garapen Agentziako bideratzaile bidez.
Hitzarmena sinatu dute Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak eta Álvaro de la Rica Deusto Business Schooleko dekanoak.
“Atsegin handiz sinatzen dugu Deustuko Unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmena hau. Izan ere, erakunde honetako ikasleak Agentzian formakuntza jasotzeko bidea da, zuzendaritza estrategikoari buruzko gaitasunak lor ditzaten. Hitzarmena aurrerapauso handia da hainbat eragile ekonomiko eta sozialentzat, hala nola Unibertsitatearentzat eta Bidasoa bizirik-entzat, pertsonen garapenerako ekosistema bat eraikitzeko helburuarekin” esan du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
Ildo beretik, María Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak adierazi duenez, “hitzarmena sinatzea ilusionagarria da. Izan ere, Bidasoa bizirik-ek urteak daramatza lanean etorkizun hurbilean lan-merkatuan sartuko diren pertsonak prestatzeko eta laguntzeko helburuarekin”.
Azkenik, Alvaro de la Rica Deusto Business Schooleko dekanoak adierazi duenez, “inguruko erakundeak gabe, Deustu ez litzateke gauza bera izango hezkuntza-erakunde gisa. Gaur egun, Bidasoa bizirik bezalako garapen-agentzia eta erakundeetara hurbiltzen ari gara, eta hitzarmen hau zentzu horretan beste urrats bat da”.
Hasiera otsailean
Unibertsitateko ikasleren batek Prestakuntza Duala Bidasoa bizirik-en egitea erabakitzen badu, otsailean hasiko da. Hala ere, ikasleek proiektuak aukeratu arte ez da jakingo Bidasoa bizirik-ek ikasleak hartuko dituen ala ez.
Hitzarmenak, bestalde, urtebeteko indarraldia du eta denbora hori igarotakoan automatikoki berrituko da.