Bidasoa bizirik-k eskualdeko emakumeei zuzendutako teknologia berrien lehen prestakuntza jarri du abian
- Errealitate areagotua, errealitate birtuala eta adimen artifiziala izango ditu ardatz formakuntzak.
- Helburua da emakumeak sortzen ari diren teknologia horietan barneratzea, eta haien interesa piztea
Irun, 2021eko iraiaren 16a.- Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, eta LEINNER’S, FLOW junior enpresarekin batera ‘Women flowing with tech’ antolatu dute, eskualdeko emakumeei soilik zuzendua dagoen teknologia berriei buruzko formakuntza. Gaur arratsaldean Irun Factoryn diote Irun eta Hondarribiko hamabost emakumek. Gainera, beste batzuek online egingo dute.
Zehazki, errealitate areagotua, errealitate birtuala eta adimen artifiziala bezalako teknologiei buruzkoa izango da prestakuntza. Helburua da emakumeak indarra hartzen ari diren teknologia horietan sartzea eta sektore honetan modu espezializatuago batean prestatzen jarraitzeko haien interesa piztea.
“Sektore teknologikoak sortuko du enplegu gehien datozen urteetan, eta, hala ere, ez dago emakumerik mundu honetan. Horregatik, talentuari laguntzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko gure politikari jarraituz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu arlo horretan prestatzeko gune esklusiboa eskaintzea emakumeei”, azaldu du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
LEINNER’S, FLOW Irungo gizarte-enpresa juniorra da, eta honen helburua da emakumeak sentsibilizatzea eta heztea sortzen ari diren teknologien gainean, sektore horretan dagoen genero-aldea murrizteko eta enplegu-aukera berriak sustatzeko.
Jolasen bidezko prestakuntza
Parte-hartzaileek esperientzia hobea eta atseginagoa izan dezaten, ‘Women flowing with tech’ sektoreko erreferenteek zuzendutako saioen bidez eta modu gamifikatuan egingo da, frogatuta baitago jokoek errendimendua handitzen dutela eta jarrera positiboak indartzen dituztela. Hori dela eta, parte-hartzaileekin interakzioa sustatuko da Kahoot bezalako on line plataformen bidez, eta Escape Room metodologia erabiliko da; horrela, modulu batetik bestera pasatzeko, ikasleek hainbat proba egin beharko dituzte.
Prestakuntza 20 ordukoa izango da, 5 orduko lau modulutan banatua, eta zazpi egunetan egingo da, lau astetan (irailaren 16tik urriaren 15era). Lehenengo modulua sarrera gisa erabiliko da; bigarrena errealitate areagotuaren inguruan egingo da; hirugarrena adimen artifizialaren inguruan eta azkena errealitate birtualaren inguruan. Nabarmendu behar da, prestakuntza osoagoa izan dadin, azken hiru moduluetan arlo bakoitzean espezializatutako start up-ak bisitatuko direla.
Gainera, ikastaroa bukatzeko, azken lan bat egin beharko dute. Lan horretan, arestian aipatutako teknologietako batean oinarritutako proiektu bat asmatu beharko dute, eta sari bat eskuratzeko aukera izango dute.