Bidasoa bizirikek Ekonomia Zirkularreko estrategia garatu du eskualderako
Bidasoa eskualderako ekonomia zirkularraren oinarri estrategikoak’ dokumentua prestatu da.
Hurrengo urratsa da Ekintza Zehatzen plana egitea, aurrera eraman daitezen.
Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa biziriken bidez, Bidasoaldeko Ekonomia Zirkularreko Estrategia jarri dute martxan. Estrategia horren helburua da eskualdeko enpresa sarearen lehiakortasuna sustatzen jarraitzea, eta, aldi berean, eskualde zirkularrago batera joatea, lankidetzaren, ekintzailetzaren eta berrikuntzaren bidez.
Covid-19k sortutako egoeraren ondorioz, Bidasoa bizirikek aukera izan zuen proiektu bat aurkezteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren ‘Gipuzkoako sare sozioekonomikoa eskualdeko ikuspegiaren ekarpenaren bidez suspertzeko programaren’ deialdian. Proiektu horren bidez, hausnarketa egingo zen pandemiak sortutako egoerari buruz, eta, puntu horretatik aurrera, ekonomia linealetik ekonomia zirkularrerako trantsizioari ekingo zitzaion.
Horretarako, Naider Consultores enpresaren laguntza teknikoarekin egin da lan. Ekonomia zirkularraren erreferentzia esparrua zein den, Europan eta Eusko Jaurlaritzan ezarritako estrategiak zein diren eta eskualdearen egoera zein den aztertu da, plan estrategikoa eta ekintza plana prestatzeko.
Azterketa horren bidez, lehenengo dokumentua egin da, ‘Bidasoa eskualderako ekonomia zirkularraren oinarri estrategikoak’ izenburupean, helburu estrategikoak eta ekintza ildoak biltzen dituena.
Bertan sakon aztertzen dira gure lurraldean lehentasuna duten hiru jarduera sektoreak, hala nola plastikoa eta kautxua, metala eta ekipo elektrikoak eta nekazaritzako elikagaiak. Kasu bakoitzerako datu garrantzitsuenak, sektorearen garrantzia eta ekonomia zirkularraren arloan dauden aukerak definitu dira.
“Bidasoalderako oinarri estrategikoak izateak aukera ematen du Bidasoak ekonomia zirkularrean duen trantsizio prozesuaren alderdi kritikoak ikusteko, prozesuaren eragile nagusiak nabarmentzeko, enpresa zehatzetatik hasi eta prestakuntzarekin eta ezagutzaren sorkuntzarekin lotutako erakundeekin buka, eta gure gizartearen etorkizun zirkularra eraikitzeko aukera espezifikoak aktibatzeko”, adierazi du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirikeko presidenteak.
“Eskualdeko eragileei lehentasunak zehazten eta agendak antolatzen laguntzeaz gain, Bidasoaldean, eskualdeak Euskadiko estrategia orokorrari balio nabarmena emateko duen interesaren erakusgarri ere badira ekonomia zirkularraren oinarri estrategikoak. Horretarako, aurrera eraman daitezkeen ekintzak eta eskualdeak dituen benetako aukerak hartu dira aintzat une oro”, adierazi du María Serrano Bidasoa Bizirikeko presidenteordeak.
Dokumentu hori berriki kontrastatu da lurraldeko eragile sozioekonomikoekin, lan saio baten bidez; bertan, batera planteatu ziren gauzatu beharreko ekintzak.
Topaketa horretatik aurrera, Bidasoa bizirik lanean ari da Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako programa horren barnean, eskualdean ekonomia zirkularra ezartzeko gida izango den ekintza plana prestatzen, hain zuzen ere.
Elkarlanean Mondragon Unibertsitatearekin
Ekonomia zirkularra garatu eta ezartzeko planaren barruan, Bidasoa bizirik Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean ari da ‘Sinbiosi industriala parke industrialetan’ proiektuan. Horren harira, enpresen artean azterketa bat egin da, ekoizpen prozesuek sortutako hondakinen aprobetxamendutik abiatuta aukera eremuak aurkitzeko.
Agentziaren zerbitzuetan ekonomia zirkularra txertatzea
Azkenik, nabarmentzekoa da Bidasoa bizirikek balioa emango duela ekonomia zirkularra zeharka txertatuz erakundeak enpresa sarearen eta herritarren eskura jartzen dituen zerbitzuetan. Horrela, bere egiten du Bidasoaldeko Ekonomia Zirkularraren Estrategia, eta agente eragile eta bultzatzaile nagusia izango da bere helburu estrategikoak betetzeko eta eskualdean ekonomia zirkularra bultzatzeko jarduera asko sustatzeko.
Alde horretatik, agentziaren jardun arlo bakoitzean ekonomia zirkularra txertatzeko gakoetako batzuk honako hauek dira: enpresak sortzeko aholkularitza eta tutoretza eskaintzea; egoitza Bidasoan duten enpresa sortu berrientzako mentoring programa bat garatzea, eta enpresak sortzeko oinarrizko prestakuntza eskaintzea, gaitasunak hobetzeko tailerrak eta lanerako prestakuntza, besteak beste.