Eskualdeko 39 enpresak hartu dute parte ‘KOLAB Via-Irun’ programaren lehen faseetan
- Lehen fasean lau lantegi egin ziren enpresekin, eskualdeko enpresa-sarean atzemandako gabezien bidez proiektu-ideiak garatzeko.
- Ondoren, zenbait proiektu identifikatu ziren, eta Bidasoa bizirik horietako hirutan hasi da lanean.
Irungo Udalak, Bidasoa biziriken bidez eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, KOLAB programa jarri zuen abian joan den urrian, ViaIrun proiektuaren sustapen ekonomikoaren barruan.
KOLAB kosorkuntza- eta lankidetza-eremu bat da, enpresa-sarearen eta ezagutza-zentroen gaitasunak eta ezagutza bateratzen dituena, bai eta pertsona ekintzaileen eta enpresa berrien ekimena eta bultzada ere. Helburua da ekimen eta proiektu berriak sortzea, mugikortasun garbiaren, retail 4.0aren eta garraio eta logistika aurreratuaren sektoreetan hautemandako joeren ildotik.
“Sortzen diren joera, aukera eta proiektuen bidez inspirazioa eskaintzen duen programa da. Gainera, gure helburua eskualdeko enpresei laguntza teknikoa ematea da, proiektuak kontzeptualizatzeko eta beste eragile batzuekin aliantzak bilatzeko. Proiektu horiek sortu ondoren, helburua da finantzaketa bilatzeko laguntza eskaintzea, bai eta aukeratutako proiektu horietako diziplina guztietako adituen laguntza ere, proiektu horiek azkarrago ezartzeko”, azaldu du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko lehendakariak.
Lau lantegi lehenengo fasean
KOLAB ViaIrun proiektuaren lehen fasean, lau tailer eta talde-saio parte-hartzaile egin ziren, eta 39 enpresak hartu zuten parte. Tailerrek IDOM CONSULTING enpresaren laguntza teknikoa izan zuten. Enpresa horrek esperientzia handia du horrelako ekimenetan.
Saio horien bidez, zenbait helburu lortu nahi ziren: alde batetik, eskualdeko enpresa-sarearen gaur egungo gaitasunen eta aztertutako joeretara egokitzeko beharrezko gaitasunen arteko tarte nagusiak atzematea. Bestalde, identifikatutako arrailetatik abiatuta proiektu-ideiak sortu eta garatzea. Hori guztia hiru ardatzen inguruan: industria, retaila eta garraioa eta logistika.
Proiektu horiek identifikatzeko, azken hilabeteetan lau tailer egin dira, joerak, aukerak eta proiektuen ideiak lantzeko.
Lehenengoan, 58 joera berri aztertu ziren mugikortasunari, retail 4.0-ri eta garraio eta logistika aurreratuari dagokienez, eta horietatik aukeratu ziren eskualdean eragin handiena izan zezaketen 22 joerak. Halaber, aukeratutako joera horien arabera, eskualderako aukera-eremuak zehaztu ziren.
Bigarren saioan, lehenengo tailerrean hautemandako zazpi aukera-eremu nagusiak aztertu ziren, eta sektoreak arlo horietan dituen erronkak zehaztu ziren. Gainera, erronka zehatzak aukeratu eta definitu ziren.
Bestalde, hirugarren tailerrean 8 proiektu zehatz sortu ziren, aurreko tailerrean identifikatutako erronketatik abiatuta. Eskualdean eragin eta bideragarritasun handiena dutenak ere aukeratu ziren.
Azkenik, aukeratutako proiektuak abian jartzeko ibilbide-orria kontzeptualizatu eta diseinatu da.
Xabier Olaizola Puertas Olamendiko gerenteak nabarmendu du lehen fase honetan “oso interesgarria” izan dela “eskualdeko hainbat enpresaren artean lankidetzan aritu izana hiria hobetzeko. Beste iritzi batzuk entzutea, beste enpresa batzuk ezagutzea… Zalantzarik gabe, errepikatzeko ekimena iruditzen zait. Beste puntu positibo bat da saio horiei esker ekonomia zirkularra eta km0-koa sustatzen direla. Izan ere, askotan kanpoko enpresekin lankidetzak bilatzen ditugu hemen ondoan beste asko ditugunean”.
Ildo beretik, Sofltango Yosu Loinazek honako hau adierazi du: “oso positibotzat jotzen dut proiektua. Oso parte-hartzailea iruditu zait, hainbat sektoretako enpresekin. Gainera, ez dira saio libreak izan, IDOMek oso ondo bideratuak baizik, interes komunak dituzten enpresen artean identifikatu ditugun arazo komunak konpontzen lagundu baitigu. Azkenik, ondorioak, proiektutik atera dena, nahiko interesgarria eta bideragarria iruditu zait, onuragarria enpresa-sare osoarentzat”.
Bigarren fasearen garapena
Tailerren bidezko baterako sorkuntza prozesuaren ondoren eta hautemandako aukeretatik abiatuta, bigarren fasean proiektu hauek identifikatu ziren:
- Datuak monetizatzea
Ustiatzeko eta aztertzeko datu-baseak sortzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko informazioa lortzeko.
- Deskarbonizazioa trantsizio ekologikorako
Enpresak sentsibilizatzea eta prestatzea Europar Batasunak proposatutako trantsizio ekologikoari buruz eta Europan, Espainian eta Euskadin proposatutako lege eta ekintzei buruz. Gainera, CO2 emisioak aztertzea eta horiek murrizteko eta/edo konpentsatzeko estrategiak lantzea, ingurumena gehiago errespetatzen duen jarduera lortzeko.
- ‘Omnikanal’ denda berria (online)
Retail enpresen digitalizazioa handitzea, batez ere marketin digitalerako, online salmentarako eta administrazio digitalerako tresnekin.
- Enpresentzako lankidetza-plataforma
Irungo enpresen arteko komunikazio- eta lankidetza-plataforma berri bat sortzeko tresna bat (app/web) garatzea eta martxan jartzea, ezagutza partekatzeko eta lankidetza-aukera berriak bilatzeko.
- ‘Omnikanal’ denda berria (fisikoa)
Esperientzia handiagoko denda-ereduak garatzea Irunen, publiko berria erakartzeko eta bezero berriak erakartzeko. Esperientzia handiagoko denda-eredu berri horiek teknologiarekin eta on line salmentarekin konbinatuta egon behar dute.
- Denda teknologiko berria
Irungo denda-eredu teknologikoagoetarantz aurrera egitea, prozesuak eta bezeroen kudeaketa hobetzeko, eta haiek hobeto leialtzen laguntzeko.
- Garraio-sektorearen talentua sustatzeko plataforma
Garraio- eta logistika-sektoreko profesionalen gaitasunak garatzea, teknologian eta jasangarritasunean oinarrituta, ad-hoc prestakuntzen bidez, Irungo sektoreko enpresen artean identifikatutako beharren arabera.
- ‘Azken milia’ lankidetza-plataforma tokiko merkataritzarako
‘Azken miliako’ plataforma berria sortzea, herritarrei eta Irungo tokiko enpresei zerbitzua emateko.
“Bidasoa bizirik-etik lehen urratsak ematen ari gara lehenengo hiru proiektuak abian jartzeko”, azaldu du María Serranok, Bidasoa bizirik-eko lehendakariordeak.
KOLAB ViaIrun programaren jarraipenari dagokionez, Serranok honako hau nabarmendu: “proiektu hau bizirik irautea nahi dugu, eta enpresa-taldearekin bilera puntualak egiten jarraituko dugu, identifikatutako proiektuen segimendua egiteko eta ideia berriak sortzeko”.
Ondoren, zenbait proiektu identifikatu ziren, eta Bidasoa bizirik horietako hirutan hasi da lanean.