Hondarribiko hotel-okupazioa ia %100ekoa izan da Pilareko zubian
- Turismo-bulegoek mila bisita baino gehiago izan dituzte zubiaren lau egunetan.
Hondarribiko hotel-okupazioa, urriaren 12ko zubian, %100ekoa izan da herriko establezimendu gehienetan. Bidasoa bizirik-eko presidente Miguel Ángel Páezek adierazi duenez, “oso datu positiboak dira, noski. Beste behin ere, pertsona askok aukeratu dute Hondarribia egun batzuk pasatzeko, eta horrek berriro frogatzen du hiriak potentzial turistiko handia duela”.
Ildo beretik, María Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak nabarmendu duenez, “2020a baino lehenagoko datuak berreskuratu dira, eta hemendik aurrera joera hori mantentzea espero dugu”.
Bestalde, Jáuregui hoteleko Gonzaga Jauregik adierazi du “jendeak gogotsu hartu duela zubia hasieratik, eta oso ondo joan da. Aspalditik geneuzkan erreserba guztiak, ez da izan beste batzuetan bezala, erreserbak azken ordukoak izan direla. Eguraldia ere oso ona izan dela. Bezeroen jatorriari dagokionez, gehienak madrildarrak eta katalanak ziren, beste askotan bezala”.
Ostalaritzari dagokionez, Tatapas Gastrotekako Adur Arrietak esan du zubia “oso positiboa” izan dela. “Egunero bete da. Ezin dugu beste urte batzuekin alderatu, 2019an ireki baikenuen, baina izugarria izan da. Izan ere, oraindik ohikoa baino jende gehiago ari da etortzen, badirudi batzuek zubia luzatu dutela”.
Mila bisita baino gehiago turismo bulegoetan
Turismo bulegoei dagokienez, Arma Plazako bulegoan 1.004 bisita izan dira, eta Portukoan 332. Bi kasuetan Estatuko pertsonak ziren, batez ere Euskadi, Madril, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Aragoi eta Gaztela eta Leon.
Azkenik, Domu Santuen hurrengo egunari begira, Gonzaga Jauregik esan du “mugimendua nabari dela. Oraindik ez dugu hotela beteta, baina erreserbak daude”.