Irungo hotel-okupazioa %92 izan da Pilareko zubian
- Hotel batzuk beteta egon dira, eta beste batzuetan okupazioa %85 eta %95 artekoa izan da.
- Ostalaritza-sektorea ere pozik agertu da zubiaren ondoren.
Irungo hotel-okupazioa %92koa izan da Pilareko zubian; izan ere, establezimendu asko beteta egon dira egun horietan, eta beste batzuek %85 eta %95 bitarteko okupazioa izan dute. “Zubia udan eman zen joeraren jarraipena izan da, hotelak ere ia beteta egon zirenean. Oso datu positiboak dira, eta oso berri ona dira turismo-sektoreko eragile guztientzat”, esan du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
Bestalde, María Serranok Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak nabarmendu duenez, “azkenaldian ikusten ari ginen Irun gero eta jende gehiagok aukeratzen zuela bai hurbilekoa, bai urrunagokoa, eta zubi honen datuek hori berretsi besterik ez dute egiten. Lanean jarraituko dugu hiria hainbeste jenderentzat erakargarria izaten jarrai dezan”.
Atalaia Hoteleko María Candela Fernández de Valderramak adierazi duenez, “oso zubi ona izan da, hotela beteta egon da. Bezeroak batez ere Espainiakoak ziren, baina Frantziako perstona asko ere izan dira, eta Herbehereetako jendeak deitu dute logela baten bila”.
Ostalaritza ere pozik agertu da zubiaren ondoren. Felix Manso Ibarla jatetxeko Sonia Garcíak adierazi duenez, “oso zubi ona izan da, egunero lan asko egin dugu. Ohiko bezero batzuk ez dira oporretara joan eta etorri dira, baina bezero gehienak kanpotik etorrri dira: Bartzelonatik, Zaragozatik, Huescatik, Madriletik, baita galiziarren bat ere. Lan asko egin dugu eta oso pozik gaude”.
Bestalde, Danako jatetxeko David Rodríguezek adierazi duenez, “oso ondo egon da, oso animatuta, batez ere inguruko jendearekin, ez hainbeste kanpokoekin. Alde horretatik, eskualdeko jende asko kanpora joan dela nabaritu dugu, goizetan auzoa nahiko hutsik ikusten zelako, eta poteoan ez da hainbeste jende etorri. Baina jatetxea egunero bete dugu”
Turismo Bulegora bisitak
Luis Marianoko Turismo Bulegoak 75 pertsona artatu zituen, batez ere eskualdekoak, baina Gipuzkoako eta Euskadiko beste leku batzuetako turistak ere izan dira, baita Estatukoak eta atzerrikoak ere.