Krea Bidasoak formatu presentzialean egin da gaur parte-hartze handia izan duen jardunaldi batean
- Ekintzaileentzako azokaren hamahirugarren edizioa, Euskadiko bakarra, gaur egin da Ficoban, lantegi, hitzaldi, erakusketa eta abarrekin.
- 450 lagunek baino gehiagok hartu dute parte
Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez, Krea Bidasoaren hamahirugarren edizioa egin dute gaur Ficoban. Egun osoan zehar hitzaldiak, tailerrak eta bestelako ekintzak egin dira, ekintzaileak, enpresak eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuk elkartzeko balio izan dutenak.
2020an Azoka bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz, eta 2021ean egin zen, baina formatu birtualean. Beraz, hiru urte igaro dira Ficoban formatu presentzialean egin zen azken ediziotik. Hala ere, gaur 450 lagunek baino gehiagok hartu dute parte, eta, beraz, pandemia aurreko parte-hartzearen datuak berreskuratu dira.
Krea Bidasoaren edizio honen ikusizko identitatea Lego pieza ugaritatik sortutako esfera baten bidez planteatu da. Pieza horiek gure ekosistemaren sinbolo dira, eta batasunari esker urrunago iristeko gai garela. Esferako funtsezko piezek gaur egun enpresa eta ekintzaileak lehiakorrak eta berritzaileak izateko giltzarririk indartsuenak sinbolizatzen dituzte: trantsizio ekologikoa (berdea); trantsizio digitala (urdina); kultura ekintzailea (horia), talentua (gorria); sormena (laranja).
Izan ere, Legoren piezen dinamismoak kateatzeko modurik onena bilatzen laguntzen du, etengabe aldatzen ari den enpresa-agertokira egokitzeko. Pieza horiek bezala, pertsona guztiak desberdinak dira, baina gaitasunak eta jarrerak bateratuta, askoz emaitza garrantzitsuagoak lortzen dira.
Topagunea, tailerrak eta jarduerak
Krearen ideia izan da hasiera-hasieratik parte-hartzaileak harremanetan jartzea, negozio-aukerak identifikatzeko, ezagutzak zabaltzeko eta beste esperientzia batzuk, arrakasta-kasuak, joerak eta abar ezagutzeko.
Horretarako, egunean zehar berrikuntzarekin lotutako 14 jarduera eta tailer egin dira. Adibidez, SPRI Taldearen ‘Inplantalariak’ programaren barruan hiru tailer. Horien bidez, parte hartzaileek paperik gabeko bulego bat nola lortu jakin ahal izan dute; adimen artifiziala nola erabili Interneten presentzia egokia izateko, eta negozioak nola automatizatu, eraginkorragoak izan daitezen, besteak beste.
Gainera, Ficobako goiko solairuan ‘Fabrikazioaren artea’ erakusketa jarri da. Erakusketaren pieza bakoitza ad hoc sortu da balioak, esperientziak eta berrikuntza irudikatzeko. Helga Massetani Piemonte komisarioak bisita gidatua eskaini du goizean pieza bakoitza azaltzeko.
Bestalde, Irungo La Salle, Plaiaundi, Bidasoa eta Mendibil LHko ikastetxeekin lankidetzan, ‘Hackathon Star ekintzailea’ antolatu da. Ikasteko metodo dibertigarria da, diziplina anitzeko taldeetan egiten dena, eta lanerako metodologia sortzailea eta berritzailea duena. Erronkei irtenbideak eman eta helburu komun bat lortzean datza, lankidetzan eta denbora laburrean. Jarduera hau Bidasoako LHko ikastetxeetan Espiritu Ekintzailea Sustatzeko Programaren barruan garatu da.
Otras actividades especiales
Aipagarria da, bestalde, ‘Bidasoako komunitate ekintzailea: Pieza interkonektatuak?’, ‘OAZ Coaching para el Cambio’ Olaia Agirrek zuzendua. Horren helburua izan da eskualdeko ekintzaileek elkar ezagutzea eta sinergiak sortzeko aukera izatea.
Ez da falta izan networking-gune bat ere. Kafea hartzeko atsedenaldian, parte-hartzaileek esperientziak partekatu ahal izan dituzte, eta, kasu batzuetan, sinergiak sortu.
Arratsaldean, jardunaldia bukatu aurretik, ‘First Pitch’ delakoa garatu da. 20 segundoko iraupena duten 20 diapositiben bidez, Irun eta Hondarribiko hainbat proiektu berritzaile aurkeztu dira.
Beste jarduera interesgarri batzuk izan dira ‘Trantsizioen bidea’, non inguruan gertatzen ari diren aldaketak erakusten ziren, edo ‘Funtsezko piezak’ erakusketa, eskualdeko proiektuak biltzen zituena.
13 edizio
Krea Bidasoaren lehen edizioa 2009an egin zen, egungoaren antzeko formatuarekin. Hitzaldiak, proiektu berritzaileen erakusketak eta 17 stand jarri ziren. Guztira 400 pertsona baino gehiago joan ziren.
Hurrengo edizioetan, 300 eta 400 lagun inguruk hartu dute parte, eta era guztietako jarduerak eta tailerrak egin dira: hiri-merkataritzaren formatuen joerak, negozio-joera berrien ideiak, software arina garatzeko metodologiak eta jardunbideak eta pertsonentzako zerbitzuetako teknologien joerak ezagutarazi dira. Gainera, hainbat enpresa eta sektoretarako diseinu- eta marketin-tailerrak, sare sozialetako tailerrak eta ekintzailetza sustatzeko jarduerak egin dira. 2012an robot-lehiaketa ere egin zen.
Mugaz gaindiko aukeren berri ere eman da, eta Bidasoa ibaiaren bi aldeetako enpresen arteko topaketak sortu dira, finantziazio-mahai inguruak egin dira eta 4.0 industriaren kultura eta ezarpena sustatu dira.
Helburua beti izan da topaleku bat sortzea, harremanak sustatzeko, aukerak identifikatzeko eta pertsona ekintzaileen, enpresen eta erakunde publiko eta pribatuen artean esperientziak ezagutarazteko.
Honen harira, José Antonio Santano Irungo alkateak nabarmendu duenez, “gaur hemen ikusten den bezala, Kreak hasieratik izan dituen helburuak betetzen ari dira, Ficobara gaur gazteak, ekintzaileak eta enpresa finkatuak hurbildu baitira. Eta guztien arteko lankidetzak onura garrantzitsuak sortzen ditu eskualdean”.
Bestalde, María Serrano Bidasoa bizirik-eko lehendakariordeak adierazi duenez, “Krea Bidasoako antolaketan ahalegin handia egiten da Bidasoa bizirik-n lan egiten duten pertsonen artean, eta ilusio eta dedikazio hori ediziotik ediziora dagoen bilakaeran ikusten da. Gainera, azken urteotan berrikuntzaren eta modernizazioaren alde egin duten enpresen eta ekintzaileen arteko topaketa hori oso garrantzitsua da bizi dugun une honetan”.