Eskualdeko 19 eragile turistikok Euskadi Turismo Kode Etikoarekin duten atxikimendua berritu dute
- Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin bat egiten dutela aitortzen duen ziurtagiria eman diete gaur eskualdeko 19 eragile turistikori, Basquetour Turiamoaren Euskal Agentziak egiten duena. Ekimen honen helburua turismo eredu arduratsu eta iraunkorra garatzen laguntzea da.Sari horiek emateko ekitaldia gaur eguerdian izan da, Hondarribiko Villa Magalean hotelean, eta bertan izan dira urtean zehar ekimen horrekiko konpromisoa berritzeko lanean jarraitu duten erakundeetako ordezkariak. Haiekin batera Miguel Angel Páez Bidasoa bizirik-eko presidentea eta Estitxu Urtizberea lehendakariordea izan dira.Bere agerraldian, Paezek “eskualdeko eragile turistikoek kalitatearekin eta jardunbide egokiekin duten konpromisoa” azpimarratu du, “urtero bisitatzen gaituzten pertsonei zein eskualde honetan bizi garenoi mesede egingo digun turismo jasangarriko eredu baten aldeko apustu partekatua islatzen baitute”. Ildo horretan, “zorionak eman behar dizkiegu eragile turistiko horiei, komunitateari onura gehiago ekarriko dizkion turismoa ulertzeko modu bat bultzatzeko konpromisoa erakutsi dutelako”.
Bestalde, Estitxu Urtizbereak adierazi duenez, “helburua da eskualdean kalitatezko-turismo eta hasangarria sustatzea, bai gu ezagutzera datozenentzako, baita bertan bizi direnentzako ere”.
Bidasoa bizirik-ek ekimen honetan duen zeregina turismo-industria arduratsua eta iraunkorra garatzen laguntzea da, prozesu honetan inplikatutako eragileek hartutako konpromisoak eguneroko jardunean aplika ditzaten bultzatuz.
Protagonistak
Kode Etiko hau jaso duten enpresak ondorengoak dira: Villa Magalean Hotel & Spa, Bidatour, Ekoetxea Txingudi, Parking Jaizubia, Marei Azafatas, Iketetxe landa etxea, Navegavela, Jolaski, Hondarribiko Kontserbak, Atalaia Jatetxea, Oiasso Museoa, ETH Irun Hotela, Atalaia Hotela, Jauregui Hotela, Europa Pentsioa, Aitana Hotela, Feel Basque Country, Kayak Basque Country, Goiznabar Nekazalturismoa eta Bidasoa bizirik agentzia bera.
Horiek guztiek aurrera egiten jarraitu dute Euskadiko Kode Etikoa osatzen duen prestakuntza-ibilbidean eta konpromisoetan, eta sentsibilizazioko, prestakuntzako eta laguntza teknikoko hainbat saiotan parte hartu dute, Euskal Turismoaren Kode Etikoari atxikitako erakunde gisa aitortzen zaien azken akreditazioa eta bereizgarria lortzeko. Gainera, Euskadiko Turismo Etikaren Erregistroko kide dira.
Caroline Brousse Villa Magalean hoteleko zuzendariaren iritziz, “kode etikoarekin dugun konpromisoa hotelaren antolaketa-kulturaren parte da, harreman pertsonal eta profesionaletan konfiantza sustatzean eta arlo guztietako praktika iraunkorren aldeko apustuan oinarrituta dagoena. Testuinguru horretan, Villa Magalean osatzen dugun taldeak bere protokoloak eta zerbitzuak etengabe hobetzen ari da, eko-erantzukizuneko erreferente izateko. Etikarekiko konpromiso eta errespetu hori hartzera gonbidatzen ditugu pertsonak eta erakundeak, etikak onurak eta ongizatea dakarzkielako, ez bakarrik praktikatzen duenarentzat, baita gizartearentzat eta inguruarentzat ere”.
Bere aldetik, Oiasso Museoko zuzendaria den Juanjo Jimenezen ustez, prozesu horretan parte hartzea oso positiboa da. “Aspalditik gaude inplikatuta, eta guretzat prozesu horrek hobetzen laguntzen digu, bai gure lanean, bai egunerokotasunean eta jarduera berrien garapenean eskaintzen ditugun zerbitzuetan. Gainera, beste eragile batzuekin harremanetan egoteko, gauzak nola egiten dituzten ikusteko eta ikasteko aukera ematen digu”.
Kode etikoaren oinarrizko printzipioak
Kode hau sinatuta, erakunde turistikoek konpromiso garrantzitsua hartzen dute eskualdeko kultura, tokiko tradizioa eta kultura-ondarearen elementuak errespetatzeko eta zaintzeko, eta, horrez gain, turisten eskubideak, berezitasunak, bizimoduak, gustuak, itxaropenak, sinesmen-aniztasuna eta abar errespetatzen dituzte.
Bestalde, Kodeak azpimarratzen du turismoarekin lotutako jarduerek errespetatu egin behar dituztela genero-berdintasuna, inklusioa eta tolerantzia, bai eta ingurumen-iraunkortasuna ere, natura-ondarea eta ekosistemak errespetatzen dituen ekoturismoa eta turismoa desestazionalizatuz eta sustatuz.
Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak Turismoaren Mundu Erakundearen munduko kode etikoaren printzipioak egokitzen ditu, baita Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko helburuak ere.