Bidasoa bizirikek Bidasoa Eskualdeko Energia Plana garatu du
- Plan honen helburu nagusia eskualde iraunkorrago baterantz aurrera egitea da.
- Planaren beste ardatzetako bat da herritarrak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea energia berriztagarrien garrantziaz.
Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa biziriken bitartez, Bidasoako Eskualdeko Energia Plana egin dute. Plan honen helburu nagusia eskualde iraunkorrago baterantz aurrera egitea da, trantsizio energetikoko prozesu bat bultzatuz, funtsezko sektoreetan jarduera estrategikoak ezarriz.
Ekintza hau Bidasoako Garapen Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 2022ko maiatzaren 23an sinatu zuten bi urteko hitzarmenaren (2022-2023) barruan kokatzen da. Hitzarmen horrek aukera ematen du, alde batetik, jasangarritasun energetikoaren arloko ekintzak bultzatzeko eta, bestetik, eskualde osoa inplikatuko duen eragile anitzeko lan-ildoa finkatzeko.
Miguel Ángel Paézek, Bidasoa bizirikeko presidenteak, adierazi duenez, “gure helburuetako bat energiari dagokionez iraunkorra den eskualde baterantz aurrera egitea da, gure ongizatea bermatzeko funtsezko puntua baita. Gainera, une honetan bizi dugun errealitateak berriztagarrietan oinarritutako eredu bateranzko ekintzak aztertzera eta gauzatzera bultzatzen gaitu, energia hornidura arrazoizko prezioetan bermatuko duena”.
Eskualdeko Energia Plana egiteko, Naider Consultores enpresaren laguntza teknikoarekin lan egin da, diagnostikoa zein den (eskualdeko eta udaletako kontsumoak, energia-pobrezia, emisioak, berriztagarriak), helburu espezifikoak zein diren eta jarduera-programak zein diren aztertuz.
Borja Olazabalek, Irungo Udaleko Kiroletako, Garapen Iraunkorreko eta Mugikortasuneko zinegotziak, azpimarratu duenez, “Eskualdeko Energia Plan honen bidez, energia berriztagarrien garrantziaz kontzientziatu eta sentsibilizatu nahi ditugu herritarrak eta enpresa-sektorea, bai faktura murrizteko, bai ingurumena zaintzeko”.
Eraldaketa bultzatzeko jarduerak
“Karbonoa kentzea, klima-aldaketa arintzea eta trantsizio ekologikoa sustatzea” proiektu pilotuaren arrakastaren ondoren, eskualdeko sektoreen kontsumoa murrizteko eta deskarbonizatzeko prozesuan lanean jarraituko da.
Proiektua Plasticos de Lezo eta Dinuy enpresetan gauzatu zen. Azterketa sakona egin ondoren, eta Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren (MITECO) jarraibideei jarraituz, bi enpresen Karbono Aztarna Korporatiboa kalkulatu zen, eta hura murrizteko jarraitu beharreko urratsak eman zitzaizkien.
“Bidasoa biziriken programa berri bat prestatzen ari gara 2023an karbono aztarna kalkulatzeko eta Irun eta Hondarribiko enpresei hori murrizteko tresnak eskaintzeko’, adierazi du Paezek.
Halaber, aholkularitza eskainiko zaie enpresei eta herritarrei energiaren arloko legeriari dagokionez. Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko Mugikortasun, Ingurumen eta Nekazaritza zinegotziak azpimarratu duenez, “plan honen beste helburuetako bat herritarrak laguntzea, sentsibilizatzea eta gaitzea da, energia-kontsumo osasungarrien ohiturak, gidak eta energia-jasangarritasuna hobetzeko orientabide orokorrak zabalduz”.