Bidasoa bizirikek Datua kudeatzeko ikastaroa antolatu du eskualdeko enpresa industrialentzat
- Helburua da datuak ateratzeko tresnak erabiltzen ikastea eta horiek kudeatzen eta interpretatzen jakitea.
- 35 orduko iraupena izango du eta Mondragon Unibertsitateko Business Data Analytics graduko irakasleek emango dute
Irungo Udalak, Bidasoa biziriken-ren bitartez, “Datuaren kudeaketa enpresan” ikastaroa antolatu du eskualdeko industria-ehunari zuzenduta. Ikastaro hau Irun Ekintzan-ek sustatzen dituen ekintzen barruan kokatzen da.
“Bidasoa bizirikek harreman zuzena du eskualdeko enpresa industrialekin, eta bilera eta topaketa horien ondorioz, zenbait gairi buruzko prestakuntza jasotzeko beharra eta nahia antzeman da, besteak beste, datuen kudeaketari buruzkoa. Eta, hain zuzen ere, hortik sortu zen ikastaro hau abian jartzeko ideia” adierazi du Miguel Angel Paez Bidasoa bizirikeko lehendakariak. Horrez gain, ikastaro honetan, parte-hartzaileek datuak ateratzeko eta baloratzeko tresnak eskuratuko dituzte, proiektu potentzialak identifikatzeko eta negozioaren errentagarritasuna hobetzeko.
Mondragon Unibertsitateko Business Data Analytics Graduko irakasleek emango dute ikastaroa, eta, bertan, parte-hartzaileei beren enpresak sortzen dituen datuen erauzketari eta kudeaketari buruzko ezagutzak handitzen lagunduko dien edukia landuko dute, horiek kudeatu eta ezar daitezkeen proiektuak identifikatu ahal izateko. Gainera, Business Model Canvas, Roadmap edo Power BI bezalako tresnekin lan egingo dute.
Ikastaroak zati praktikoa eta teorikoa izango ditu. “Oso aukera ona da enpresentzat, datu zehatzak ateratzen jakiteak, interpretatzen jakiteak eta, ondoren, garatzen diren proiektuetan aplikatzeak bakoitzaren errentagarritasuna eta eraginkortasuna hobetzen laguntzen baitie. Gainera, beste errealitate batzuk ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta networkinga egiteko aukera ere bada”, Paezek nabarmendu duenez.
Ikastaroa astearte honetan, urtarrilak 17, hasi da Irun Factoryn, eta 35 orduko iraupena izango du, otsailaren 28ra arte. Guztira 7 saio izango dira, non alderdi teorikoa eta praktikoa landuko diren. Eztabaidarako denbora ere izango dute.
Doako ikastaro honetan izena eman nahi duten enpresek 943 50 96 00 telefonora deituz egin dezakete.