Eskualdeko 12 enpresak hartuko dute parte “Bidasoa Digitala” ren edizio berri batean
- Programa horren helburua da enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala bultzatzea, aldaketaren palanka gisa.
- Aurreko edizioetan parte hartu duten 6 enpresak jarraipena egin dute.
Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa biziriken bitartez, berriro jarri dute martxan Bidasoa Digitala programa, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidasoa aktibak sinatutako hitzarmenaren barruan, tokiko garapenean gobernantza kolaboratiboa sustatzeko helburuarekin, ETEen eraldaketa digitalean zentratuta. “Zehazki, Bidasoa Digitala programak enpresa txiki eta ertain horien eraldaketa digitala bultzatzea du helburu, aldaketaren eta berrikuntzaren palanka gisa eta balio erantsi handiagoa sortzea, diagnostiko bat, ekintza-plan bat eta proiektu bat definitzea aurreikusten duten ibilbide-orriak eginez, eta, hala badagokio, ezartzea ahalbidetuz” azaldu du Nuria Alzaga, Bidasoa bizirikeko presidenteak.
12 enpresa
Gaur egungo edizioan 12 enpresak parte hartu dute, eta horietatik 6k ibilbide osoa amaitu dute, hasierako diagnostikotik erronka identifikatuak konpontzeko tresna digitalen garapenera arte. Programa, IETEAM Consulting enpresak landu duen ibilbide teknikoarekin, bi fasetan garatu da.
Lehenengo fasean, enpresek eraldaketa digitalerako bide orria egin dute. Fase honetan, enpresek eraldaketa digitalaren prozesuaren estrategia diseinatzeko laguntza jaso dute, egoeraren diagnostikoa eginez eta lan-eremu posibleak aztertzeko balioko dien bide orri bat eginez. Bigarren fasean, enpresek proiektuak zehaztu, lehentasunak ezarri eta garatu ahal izan dituzte.
Horretarako, 12 enpresetatik 6ri aholkularitza pertsonalizatua eskaini zaie. Ekintza honetan landu beharreko arloak ezarri dira, eta inbertsioak, kostuak, hornitzaile posibleak eta ezarpena egiteko aplikatu daitezkeen laguntza-programak definitzen lagundu zaie. Parte hartu duten enpresetako batzuk Fepako Protección, Forest Pioneer, Indart 3D, Sacytrans, Pulimentos Metálicos Txingudi eta Placisa dira. Enpresa horiek datuen kudeaketarako tresna digitalen ezarpenarekin lotutako proiektuak garatu dituzte. Enpresa horiek proiektu hauek garatu dituzte, besteak beste: Power BIrekin aginte-koadroak garatzea, kostuen kontrolerako tresnak ezartzea edo proiektu estrategikoen lehentasunak ezartzea eta jarraipena egitea. “Azken finean, enpresei eraldaketa digitalari buruz sentsibilizatzea da helburua; prozesu hori enpresaren estrategian integratu behar da, eta erakundearen adimen kolektiboaren erabakitzeko mekanismoekin garatu behar da.
Ezagutza honek aukera berriak detektatzeko aukera emango dio enpresari, gero eta digitalizatuagoa dagoen mundu batean” azaldu du Estitxu Urtizbereak, Bidasoa aktibako presidenteordeak.
FEPAKO Protección enpresako CEO Ainara Pachecok honakoa adierazi du: “guretzat errealitate kolpe bat izan da ikastaro hau, datu asko genituela eta ez genituela aprobetxatzen konturatu baikara. Ikastaroan zehar tresnak maneiatzen eta ezartzen ikasi dugu, eta hemendik aurrera datuak ia denbora errealean ezagutzeko, aztertzeko eta kudeatzeko aukera izango dugu. Horrek hobekuntza handiak ekarriko dizkigu hainbat arlotan, produktiboagoak izateko eta estrategia komertzial berriak sortzeko.”
Aurreko edizioetako enpresen jarraipena
Horrez gain, aurreko edizioetan parte hartu zuten beste 6 enpresak aurrez definitutako bide orrien jarraipena egin dute, beren proiektu estrategikoak detektatutako beharren arabera berrikusi eta eguneratuz. Enpresa horien artean daude:
- IRUMA PRODUCTOS INDUSTRIALES S.L.
- DESGUACES VIDAURRETA S.L.
- NEUMÁTICOS TXEPETXA S.L.
- VÁLVULAS ZUBI S.L.
- PUERTAS OLAMENDI S.L.
- MOLDES MOLBAT S.L.
BIG DATAren garrantzia
IETEAMetik nabarmendu nahi izan dute aurten programak datuen kudeaketan jarri duela arreta berezia, enpresetako datuen bizi-zikloaren faseak aztertuz. Ondorioek erakusten dute enpresek ondo maneiatzen dituztela identifikazio eta biltegiratze faseak, baina hobekuntza-eremuak dituztela tratamendu, azterketa eta bistaratze faseetan. Fase horiek kritikoak dira datuak balio estrategiko bihurtzeko erabakitzeko prozesuan”. “Momentu honetatik aurrera, Bidasoa bizirikek hurrengo deialdirako lanean jarraituko du, eskualdeko ETEen eraldaketa digitala bultzatzen jarraitzeko helburuarekin” amaitu du Nuria Alzagak.