Bidasoa bizirik-ek Pechakucharen edizio berri bat antolatu du
Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez, Pechakucharen bederatzigarren edizioa antolatu dute. Aurten, KREA Bidasoa topaketaren esparruan ezin denez egin, online plataformen bidez egingo da, datorren ostegunean, ekainaren 18an, 17:00etatik aurrera.
“Bidasoaldeko pertsonak garatzen ari diren proiektu sortzaile eta berritzaileak ezagutzeko aukera bat da”, adierazi du Miguel Angel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
“Ekainaren 18an nahi duen orok ordenagailutik edo telefono mugikorretik konektatu eta Pechakucharen aurkezpenez gozatu ahal izango du”, gaineratu du Páezek.
Zer da Pechakucha?
Pechakucharen formatua ideia sinple batean oinarritzen da: 20 irudi x 20 segundo. Hau da, parte-hartzaile bakoitzak 20 irudi proposatzen ditu, bakoitza 20 segundoz proiektatzen direnak, eta horien gainean egiten du aurkezpena. Formatu horrek aurkezpen erakargarriak, laburrak eta, oro har, dibertigarriak eskaintzen ditu.
Beren lana jendaurrean erakutsi nahi duten baina komunikabide masiboetarako sarbiderik ez duten pertsonentzako aukera bat da. Azken batean, sortzaileek beren lana publikoarekin erakutsi eta partekatu ahal izateko plataforma ezin hobea da.
Izen-emate irekiak
Ekitaldian parte hartzeko izen-emateak zabalik daude. Interesdunek honako inprimaki hau bete beharko dute:
https://www.bidasoa-activa.com/eu/izen-ematea?actividad=+PechaKucha+2020
Networking online egiteko gune bat
Bestalde, bihar, osteguna, ekainaren 11n, Bidasoa bizirik-ek sormen-sektoreari buruzko lehen Webinarra antolatu du 16:00etatik aurrera, Bilbao Ekintza, Getxo Sustapen Ekonomikoa, Meatzaldeko Behargintza, Oarsoaldea eta Urola Kostarekin batera, Garapen-ek lagunduta.
“Networking, Industria Sortzailea” ekimenaren bigarren edizioa da. Iaz jarri zen martxan Urola Kostarekin batera, eta bi eskualdeetako sormen-industrietan eta lotutako sektore ekonomikoetan zuzenean eta zeharka lan egiten duten hainbat artista, profesional eta enpresa elkartu ziren ezagutza partekatzeko, networkinga lantzeko eta lankidetza-proiektuak garatzeko aukera berriak identifikatzeko.
Edizio honetan, Branding, Moda, Ikus-entzunezkoak, bideojokoak edo diseinua bezalako sektoreetako enpresek beren proiektu sortzaile eta berritzaileak aurkeztuko dituzte, eta, ondoren, mahai-inguru bat eta networking saio bat izango dira, non webinarrera konektatuta dauden pertsona guztiek parte hartu ahal izango duten.
“Aukera paregabea da Euskadiko hainbat tokitako enpresak eta ekintzaileak harremanetan jartzeko, elkar ezagutzeko eta lankidetzako proiektuak sortzeko”, adierazi du Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak.
Halaber, azpimarratu behar da urrian networking sortzaileko bigarren saio bat egingo dela, oraingoan Bizkaian, helburu nagusia harremanetan jarraitzea eta “hainbat lurraldetako enpresen arteko lankidetzak sustatzea” delarik, Serranok gaineratu duenez.
Webinar honetan parte hartu nahi dutenek hurrengo estekan eman beharko dute izena:
https://www.bidasoa-activa.com/eu/component/content/article/877-tiempos-revueltos