Bidasoa bizirikek enplegua sustatu du Merkalan azokan
- Bidasoa bizirike standean bisita ugari izan dira, enplegua bilatzeko orientazio-zerbitzuaz, ekintzailetzaz eta enpresentzako programez interesatuta.
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa biziriken bitartez, Merkalan, Euskadiko enplegu azokarik garrantzitsuenaren aurtengo edizioan parte hartu dute. Merkalan 2024, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatua, eta, oraingo honetan, Bidasoa bizirikekin lankidetzan, Bidasoako eskualdean ospatu baita, zehazki Ficoban (Irun). Lana bilatzen ari diren pertsonen, enpresen eta hainbat zerbitzu eta lan-aukera eskaintzen dituzten erakunde publikoen arteko funtsezko elkargunea da.
Aurten, antolakuntzan laguntzeaz gain, Bidasoa bizirikek stand propioa izan du. Bertan, bi lan-eskaintza propio aurkezteaz gain, prestakuntza-ikastaroei, enplegua bilatzeko orientazio-zerbitzuei, ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuei eta enpresei zuzendutako programei buruzko informazio zehatza eman da. “Parte-hartzea arrakastatsua izan da, egun osoan zehar jende asko bildu baita, gure proposamenak ezagutu eta eskainitako zerbitzuak aprobetxatu nahian”, adierazi du Nuria Alzagak, Bidasoa bizirikeko presidenteak.
Standera hurbildu diren pertsonek, batez ere, ikastaroei buruzko informazioa jasotzeko eta lan-orientaziorako hitzordua eskatzeko egin dute. Nabarmentzekoa da, halaber ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuagatik galdetu duten pertsonak ere gerturatu direla.
Bestalde, hainbat enpresa Bidasoa bizirikeko standera hurbildu dira programei buruzko informazioa eskatzeko eta eskuragarri dauden enpresen katalogoak eramateko.
“Oso jardunaldi emankorra izan da. Lan- eta prestakuntza-aukerez gain, tokiko enpresekin harremanetan egon ahal izan gara, eta hori oso positiboa izango da etorkizuneko proiektuetarako ” azpimarratu du Estitxu Urtizbereak, Bidasoa bizirikeko lehendakariordeak.
Bestalde, Nuria Alzagak azpimarratu duenez, “gure egitekoa da pertsonei enplegua bilatzen laguntzea eta eskualdean ekintzailetza sustatzea”.