Bidasoa bizirikek enpresa-sareari zuzendutako hiru jardunaldi antolatu ditu
- Helburua da informazioa ematea jasangarritasun energetikoaren, prestakuntza-zentroekiko berrikuntzaren eta enpresako kudeaketa aurreratuaren arloko azken ekimen eta proiektuei buruz.
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa biziriken bitartez, enpresa-sareari zuzendutako jardunaldiak antolatu dituzte Ducoureau-n. Jardunaldi horien helburua da informazioa ematea jasangarritasun energetikoaren, lanbide-heziketaren eta enpresa-berrikuntzaren arloko azken ekimen eta proiektuei buruz.
Apirilaren 26an, 08:30etik 10:00etara, Karbono Aztarna Korporatiboa Kalkulatzeko Proiektuaren Jardunaldia egingo da. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidasoa bizirikek jasangarritasun energetikoaren arloan jarduketak egiteko sinatutako hitzarmenak Irun eta Hondarribiko hainbat enpresatan karbono-aztarna kalkulatzea barne hartzen du. Tresna horri esker, enpresen jardueraren inpaktua ezagutu ahal izango da, eta kasu jakin bakoitzari egokitutako murrizketa-neurriak proposatu ahal izango dira. Saioak proiektua, espero diren emaitzak eta parte hartzeko konpromisoak aurkeztuko ditu.
Goizean bertan, 10:00etatik 11:00etara, Tknikako Tkgune proiektua aurkeztuko da. Espazio horretan, lanbide-heziketako ikastetxeek eta enpresek ezagutzak transferitu eta berrikuntza-proiektu bateratuak garatu ahal izango dituzte. Jardunaldian, Tknikak enpresei eskaintzen dizkien zerbitzuak azalduko dira, baita enpresekin berrikuntza-proiektuetan lankidetzan aritzeko modua ere.
Azkenik, apirilaren 28an, 09:00etatik 10:00etara, Kudeaketa Aurreratuko Jardunaldia egingo da Enpresan, INNOBIDEAK-KUDEABIDE programaren esparruan. Programa honen helburua enpresen lehiakortasuna hobetzea da, kudeaketa aurreratuko metodologiak, tresnak eta printzipioak aplikatzen eta ezartzen lagunduz.
Miguel Ángel Paéz Bidasoa bizirikeko presidenteak nabarmendu duenez, “jardunaldi hauek aukera paregabea dira eskualdeko enpresek zuzenean ezagutu ahal izan ditzaten jasangarritasun energetikoaren, lanbide heziketaren eta enpresa berrikuntzaren arloko ekimen eta proiektu berritzaileenak. Bidasoa biziriken eskualdearen garapen iraunkorrarekin konprometituta gaude eta egunez egun lan egiten dugu enpresei lehiakortasuna hobetzeko beharrezko tresnak eskaintzeko”.
Bestalde, Maria Serrano Bidasoa bizirikeko presidenteordeak adierazi duenez, “etengabeko prestakuntza eta berrikuntza funtsezkoak dira enpresen hazkunderako. Horregatik, Bidasoa biziriketik TKGUNE eta INNOBIDEAK-KUDEABIDE bezalako ekimenak bultzatzen ditugu eskualdeko enpresei lehiakortasuna hobetzen eta merkatuaren erronka berrietara egokitzen laguntzeko”.