Gertuko turismoa, protagonista uztailean Irunen
- Uztailean, Irungo turismo-jarduerak gero eta bisitari gehiago erakarri ditu hirira eta ingurura. Eskaintzaren aniztasunak eta “Dies Oiassonis Jaialdia” bezalako ekimenek turismoa bultzatzen lagundu dute, batez ere gertuko turismoari dagokionez. Hotel-okupazioa, establezimenduek beraiek emandako kalkuluen arabera, % 95,3koa izan da uztailean.Uztailean Irun bisitatu duten pertsonen heren batek gutxienez gau bat igaro du hiriko hotel-establezimenduetan, eta, horri esker, logelen okupazio-zifrak % 95etik gora igo dira. Irungo Atalaia hoteletik adierazi dutenez, “lan handia egin genuen uztaileko lehen astean, batez ere Donosti Cup txapelketaren ondorioz, eta baita azken bietan ere. Hilabetearen erdiko asteetan enpresetako ohiko bezeroak izan ditugu, eta asteburuan, batez ere, turistak”.Bidasoa biziko presidentea den Miguel Angel Paezen iritziz, “eskualdeko eskaintza turistikoa dibertsifikatzea erakargarri berezia da bisitatzen gaituztenentzat: natura, kostaldea, hondartzak, gastronomia eta ondare historiko-kulturala eskaintza turistiko jasangarri eta kalitatezkoa dira, eta urtetik urtera gero eta jende gehiago erakartzen dute”.Ildo beretik, Oiasso Museoak 2.200 pertsona baino gehiagoren bisita jaso du, proposatutako jardueretan parte hartu dutenak: erakusketa iraunkorra, Pvro antzerkia, tailerrak eta bisita gidatuak. Datu horiek ikusita nabarmendu daiteke % 10eko igoera egon dela aurreko urtearekin alderatuta (Dies Oiassonis Jaialdia dela-eta museora hurbildu diren pertsonak kontuan hartu gabe).Bidatourren kasuan, uztailean 187 lagunek hartu dute parte Bidasoa eskualdean antolatzen dituen bisita gidatu eta ekimenetan.
Bisitarien jatorria
Irungo Turismo Bulegoak 1.719 bisita jaso ditu uztailean, eta horietatik % 75 baino gehiago bisitari nazionalak ziren. Informazioa eskatzera joan diren pertsona gehienak ( % 62) inguru gertuko bisitariak ziren (Gipuzkoakoak eta Euskadikoak).
Turismo nazionalaren buru Madril, Katalunia, Gaztela eta Leondik eta Andaluziatik etorritako pertsonak izan dira. Azken bi erkidego horietako bisitarien kopuruak gora egin du azkenaldian. Atzerriko turismoari dagokionez, jatorri nagusia Frantzia da ( % 16), eta ondoren datoz Alemania, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Belgika.
Jasotako galdera gehienak kultur jarduerekin eta sarreren salmentarekin lotuta egon dira, gertuko turismoaren kasuan. Gainerako bisitariek interes turistikoa duten lekuak, planoak eta liburuxkak, Donejakue bidea eta familia-turismoa, komunikazioak, garraioa eta natura izan dituzte hizpide.
Bisita gidatuak
Aurreko urteetan bezala, Irungo Udalak eta Bidasoa bizirik-ek bisita gidatuak jarri dituzte martxan udan zehar, irundarrei eta bisitariei hiriaren historia, ondarea, alde zaharra edo udaletxea ezagutzeko aukera emanez. Uztailean antolatutako bisita gehienek aurreikusitako plazak agortu dituzte (taldeko 15 lagun).