Hondarribiak %95eko hotel-okupazioarekin agur esan dio udarari
- Hiriak bere erakargarritasuna sendotu du nazioko eta nazioarteko turismorako
- Turismo bulegoetan 14.000 bisita baino gehiago jaso dira
Hondarribia turismorako erakargarria izan da aurten ere. Uda osoan hotelak beteak izan dira. Gainera, egunean bertan eta hirian lo egin gabe Hondarribia eta ingurunea bisitatzera joan diren pertsonen kopurua ere handitu da.
% 95eko batez bestekoarekin, hotel-okupazioaren zifrak hazi egin dira uda honetan aurreko urteekin alderatuta. Era honetan, 2023ko udako balantzea 2019ko % 92,5eko eta 2022eko % 93ko okupazioak hobetzen ditu. Hondarribia Estatuko hainbat tokitatik etorritako bisitarientzako helmuga interesgarria izaten jarraitzen du. Hala ere, nazioarteko turismoak goranzko joerari eusten dio. Frantzia, Alemania, Belgika eta Erresuma Batua dira atzerriko pasaportea duten bisitari gehienen jatorrizko herrialdeak.
Villa Magalean hoteletik uste dute udako balantzea positiboa izan dela, egonaldi luzeagoak (hiru eta bost egun artekoak) izan dituzten turista atzerritarren presentzia handiagoa izan baita. Beste establezimendu batzuetan izandako esperientziaren antzekoa.
Bidasoa bizirikeko lehendakariorde eta Hondarribiko Hiri eta Lurralde Antolamenduko zinegotzia den Estitxu Urtizbereak nabarmendu duenez, “pozten gara bisitatzen gaituztenen artean gure kulturak eta ondareak ere interesa pizten duela ikusteak. Turismo eredu orekatuago baten alde lanean jarraituko dugu, bertako herritarren eguneroko bizitzan eragina malgutzeko helburuz.”
Bisitariak
Hondarribiko turismo-bulegoetan (Arma Plaza eta Portua) 14.450 pertsona artatu dira uda honetan, datuak iazko kopuruaren antzekoak dira. Bisita gehienak Estatutik etorri dira, batez ere Madrildik, Kataluniatik eta Andaluziatik. Artatutako pertsonen % 35 inguru atzerritarrak izan dira, batez ere Frantziatik etorritakoak. Alemaniatik, Erresuma Batutik, Estatu Batuetatik eta Belgikatik ere turista ugari etorri dira. Galdera eta zalantza gehienak kultura-jarduerekin, turismo-intereseko leku eta jarduerekin, Donejakue bidearekin, familia-turismoarekin eta naturarekin lotuta egon dira.