Bidasoa bizirik eta turismo-sektorea lanean ari dira Irun eta Hondarribira turista gehiago erakartzeko
- Sektore pribatuko Hondarribia-Irun Turismo Mahaia, uztailean sortua, MICE turismoaren inguruan ari da lanean.
- Irungo turismo-bulegorako merchandising-produktuak egiteko diseinu-irudia ere egin da.
Irunen, 2022ko urtarrilaren 25ean.– Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, 2021ean zehar sektore pribatuari laguntzen jarraitu dute eskualdeko turismo-lehiakortasuna hobetzeko, bai lehenago hasitako ekintzen eta ekimenen bidez, bai proiektu berrien bidez.
Hala aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan Bidasoa bizirik-eko lehendakari Miguel Ángel Páezek eta lehendakariorde María Serranok, Prentsaurrekoan Bidatour enpresako Pía Alkainek eta Jauregui hoteleko zuzendariak ere parte hartu dute.
Alde batetik, Bidasoa bizirik-eko Turismo Sailak 2021eko uztailean jarri zuen martxan sektore pribatuko Hondarribia-Irun Turismo Mahaia. Gaur egun, zortzi enpresak eta agentziak berak osatzen dute.
Mahai horrek helburu hauek ditu: Irun-Hondarribiko Turismo Sarea indartzea; eskualdeko Dinamizazio Plana batera garatzea; sektoreak antzemandako beharrak identifikatzea eta lantzea, eta, eragileekin batera, eskaintza eta lehiakortasun turistikoa hobetzeko ekimen interesgarriak sortzea eta garatzea.
Uztailean abian jarri zenetik, Mahaia hilero bildu da MICE turismoaren inguruan lan egiteko, horrela erabaki baitzen lehen bileran. Zehazki, honako urrats hauek eman dira: hasteko, Turismo Mahaiaren MICE eskaintza definitzea, eta negozio-turismoko beste eskaintza edo helmuga batzuen arrakasta-kasuak aztertzea.
Bestalde, ‘Irungo MICE gida’ sortzeko lanean ari dira; eskualdeko eskaintza sustatzeko komunikazio-ekintzak identifikatu dira; Ficobarekin harremanak sendotu dira, eta ekintza-plan bateratu bat egin da enpresek MICE eskaintza hori sustatu eta merkaturatzeko. Azkenik, Mahaiak enpresa interesgarriak bilduko dituen datu-base bat sortzen lagundu du eta horretan lan egiten du.
“Azken urteotan, baita pandemia garaian ere, ikusi ditugun turismo-datu onek, erakusten dute Irun eta Hondarribiak potentzial handia dutela aisialdirako turismo-leku gisa, jende askok aukeratzen baititu oporrak pasatzeko. Hala ere, eskualdean baliabide ugari ditugu bestelako turismoa erakartzeko, hala nola negozioena edo MICErena, eta lanean ari gara balio hori aprobetxatu eta ahalik eta etekin handiena ateratzek. Izan ere, horrek lagundu egiten du sektorearentzat konplexuagoak diren urtaroetako emaitzak desestazionalizatzen eta hobetzen”, azaldu du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.
Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren bigarren edizioa
2021ean, Bidasoa bizirik-ek eskualdeko turismo-establezimenduak Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari atxikitzea bultzatu du, Basquetour-ek egina. Agente turistikoek beren eguneroko jardunean erantzukizun sozialak eta ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasuna txertatzea da Kode Etikoaren helburua. Horretarako, Turismoaren Mundu Erakundearen munduko kode etikoaren printzipioak barneratu eta egokitzen ditu, baita Nazio Batuen 2030eko Agendaren garapen iraunkorraren helburuak ere.
Iaz, 6 establezimenduk hartu zuten parte lehen aldiz, eta sentsibilizazio-jardunaldi batera joan behar izan zuten; konpromisoa sinatu; prestakuntza egin; talde-saio batean eta laguntza teknikoko saio batean parte hartu; eta memoria bat egin ikasitako guztiarekin. Prozesu hori bete ondoren, akreditazioa jaso zuten.
Bestalde, 18 enpresak hartu zuten parte proiektuan bigarren urtez jarraian. Horiek prestakuntza programa bat egin zuten, establezimendu bakoitzaren Kode Etikoko ekintzetan aplikatu beharreko hobekuntzak antzemateko.
Euskadi Helmuga Segurua
Turismo Sailak ere lagundu die enpresei “Helmuga Segura” zigilua lortzen. Zigilu hori Turismoko Estatu Idazkaritzak ematen die egoera berrira egokitzeko gaitasuna frogatzen duten enpresa eta zerbitzuei, osasun arau eta protokoloak betez: zerbitzu kontrolatua eta segurua, kontingentzia-planak, garbiketa-planak, mantentze-lanak eta langileen prestakuntza.
Zigilu hori lortzeko, ebaluatzaile egiaztatuek egiaztatu dute establezimenduek neurriak ezarri dituztela. Egiaztapen hori jarduera-sektore bakoitzari egokitutako baldintza batzuen arabera egiten da, eta, hala, enpresa bakoitzak, bere berezitasunekin, zerbitzu segurua eskaintzeko neurri egokienak martxan jarri dituela kontrolatzea lortzen da.
Horretarako, Bidasoa bizirik-ek prestakuntza eta aholkularitza eskaini die parte hartu duten hamazazpi establezimenduei.
Euskadi Gastronomika produktu-kluba
Euskadi Gastronomika Euskadiko Produktu Turistiko Gastronomikoaren Klubaren marka da. EAEko hiru hiriburuek eta eskualdeek osatzen dute sarea, eta, aldi berean, enogastronomiarekin lotutako enpresek eta zerbitzuek beren helburuetan parte hartzea eskatzen dute. Marka lurraldeko nortasun eta kalitate gastronomikotik abiatuta produktu turistiko bat eraikitzeko sortu da. Azken helburua da Euskadik arlo enogastronomikoan duen lidergoa finkatzea eta gastronomian bisitari gehiago erakartzea, kudeaketa turistikoaren alderdi guztiak optimizatuz.
2021ean Euskadi Gastronomikara atxikitzeko beste deialdi bat ireki zen, eta Bidasoa bizirik-ek hamalau establezimendurekin lan egin zuen Klubaren baldintza orokorrak eta sektorialak betetzen laguntzeko.
Nabarmentzekoa da gaur egun Euskadi Gastronomika produktu-klubekoak direla Irun eta Hondarribiko 48 establezimendu.
Familia Turismoaren Kluba
Bidasoa bizirik-ek sei enpresa turistikori ere lagundu die Basquetour-ek bultzatutako Euskadiko Familia Turismoaren Klubaren partaidetza-ziurtagiria lortzen. Dagoeneko 13 dira Hondarribiko eta Irungo establezimenduak Familia Turismoaren zigilua edo ziurtagiria dutenak.
Merchandisinga, liburuxkak eta sustapen-bideoak
2021eko bigarren seihilekoan diseinu bat sortu zen, Irungo turismo bulegorako merchandising produktuetan aplikatzeko. Herritarren eta bisitarien eskariak eragin zuen proiektu hori, ez baitago horrelako produktuak eskaintzen dituen dendarik.
Zehazki, turismo-bulegoan jarri dira salgai motxilak, oihalezko poltsa jasangarriak, zeramikazko bi katilu-mota, aluminiozko botila berrerabilgarri bat, arkatzak eta libreta bat.
Azkenik, azpimarratzekoa da “Hondarribia Irun Gourmet Experience” izeneko hamabost esperientzia enogastronomikoen liburuxka argitaratu dela on line, frantsesez eta ingelesez, esperientzia horiek nazioartean sustatzeko asmoz. Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ere eguneratu dira. Plan horien sustapen-bideoak ere argitaratu dira, frantsesezko eta ingelesezko azpitituluekin.
2022rako planak
Hasi berri den 2022 honi dagokionez, nabarmentzekoa da Irun eta Hondarribia FITUR Nazioarteko Turismo Azokan izan direla. Azoka hori Madrilen egin da, eta ‘Irun Destino Romano’ eta ‘NaturRed. Sentitu historia, sentitu natura. Erdi Aroko hirien sarea’ proiektuak aurkeztu dira.
Urte osoari begira, María Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak adierazi duenez, “Bidasoa bizirik-eko Turismo Sailak dauden lan-ildoak garatzen jarraituko du, betiere eskualdeko turismo-sektoreari laguntzeko helburuarekin”.