Irun eta Hondarribia lanean ari dira pandemia aurreko okupazio datuak berreskuratzeko
-
- Portuko Turismo Bulegoa berriro ireki da, Irungo Turismo Bulegoa berrapaindu egingo da eta hainbat ekintza egiten ari dira eskualdean turismoa sustatzeko.
- Irungo erromesen aterpetxea berriro ireki dute, pandemiaren ondorioz bi urte itxita egon ondoren.
Irungo eta Hondarribiko Udalak, Bidasoa biziriken bidez, hainbat ekintza eta jarduera egiten ari dira datozen hilabeteetan turismoa bultzatzeko.
“Azken bi urteetan bizitako inguruabarrak gorabehera, turismoaren inguruko datuak positiboak izan dira goi denboraldi gehienetan, eta pandemiaren aurreko garai batzuetan izandako emaitzak gainditu ere egin dira noiz edo noiz. Horregatik, normaltasuna pixkanaka berreskuratzen ari garela dirudien honetan, gure eskualdeak eskaintzen duen guztia ezagutzera ematen jarraitu nahi dugu, turismoaren goranzko joera horri eusteko”, adierazi du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirikeko presidenteak.
Aurreikuspen onak Aste Santurako
Azkenik, azpimarratu behar da Aste Santu ona izatea espero dutela Irungo eta Hondarribiko hotelek.
“Urteko sasoi honetan askotan azken orduan egiten dira erreserbak. Turistek azken unera arte itxoiten dute. Orain, % 60an gabiltza, baina, datak hurbildu ahala, erreserbak handituz doaz” dio María Candela Fernández de Valderramak, Irungo Atalaia hotelekoak.
Hondarribiko Jauregui hoteleko Gonzaga Jaureguik nabarmendu duenez, “gaur egun, ditugun erreserbekin, % 76ko okupazioa dugu Aste Santuko egunetarako, apirilaren 14tik 17ra. Hala ere, zain gaude, ezegonkortasun handia dago, batzuk ezeztatu egiten direlako eta beste batzuk azken orduan sartzen direlako. Nolanahi ere, oro har, ez du itxura txarra, urte normal baten antzekoa izango dela ematen du. Ez da gauza bera gertatzen hurrengo astean, Pazko astean, aste horretarako ez baitugu oso itxaropen onik.
Urdanibia hoteleko Oihana Yergak hauxe adierazi du: “Ostegun Santutik Pazko astelehenera ia beteta egongo gara, % 95eko aurreikuspena dugu. Hurrengo astean, Pazko astean, pixka bat jaitsiko da, % 85ean geldituko garela uste dut, gutxi gorabehera. Beraz, okupazioari dagokionez, pandemia aurreko datuen antzekoak izango dira, baina batez besteko prezioa jaitsi egingo da”.
Bestalde, Irungo Alcázar hoteleko Luis Miguel Albisuk hauxe dio: “une honetan, Ostegun, Ostiral eta Larunbat Santurako oso okupazio handia dugu dagoeneko, horixe da Aste Santuaren adierazgarria, egun gutxitan biltzen baita. Egun horietaz gain, okupazio ona izatea espero dugu, baina azken orduko erreserbekin”.
Irungo erromesen aterpetxea zabalik dago berriro
Joan den martxoaren 1ean berriro ireki zuten Irungo Erromesen Aterpetxea, pandemiaren ondorioz bi urtez itxita egon ondoren. Hasi zenetik orain arte izan dituen okupazioengatik eta datuengatik, aurten pandemiaren aurreko zenbakietara iristea aurreikusi dute.
Josin Galzacorta arduradunak hauxe esan digu: “Lehen hilabetean 140 lagun izan genituen, eta apirilean, berriz, dagoeneko 40 berrogei pasa dira. Beraz, Aste Santua hurbildu ahala datuak igotzen joatea espero dugu. Beste urte batzuetan, pandemia baino lehen, aterpetxea ez zen ekainaren 15era arte betetzen, Aste Santuko egun batzuetan izan ezik. Beraz, aurten antzekoa izango dela uste dugu”.
Galzacortak azaldu duenez, “osasun arrazoiengatik 60 ohe izatetik 40 izatera pasa gara, baina pixkanaka-pixkanaka hasierako zifra horretara itzultzea espero dugu”.
Martxoan, pertsonen % 30 Alemaniatik etorri ziren, % 20 Espainiatik eta % 14 Frantziatik. Gainerako erromesak Brasildik, Estatu Batuetatik, Ipar Koreatik, Zeelanda Berritik edo Lituaniatik zetozen, besteak beste. Era berean, % 98 oinez egiten ari zen Santiago bidea, eta gainerako % 2a, berriz, bizikletaz.
Portuko Turismo Bulegoa berriro ireki da eta Irungo Turismo Bulegoa berrapaindu dute
Joan den apirilaren 1ean, ostiralean, berriro jarri zen martxan Hondarribiko Matxin de Artzu kalean dagoen Portuko Turismo Bulegoa. Bulego hori urte bukaera arte egongo da zabalik, ohi bezala. Berrikuntza da aurtengo denboraldian igande arratsaldeetan ere eskainiko dituela zerbitzuak.
Udaberriko ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:30era, eta larunbatetan eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era. Aipatzekoa da Aste Santuan 19:30ak arte egongo dela zabalik.
Bestalde, hurrengo egunetan, Irungo Turismo Bulegoko dekorazio biniloak jarriko dira, eta hirian bisita daitezkeen baliabide turistikoak erakutsiko dira haietan. Azkenik, aste gutxiren buruan, Irun eta Hondarribia bisitatzen dituztenen eskura egongo da bi hirietako ostatuak biltzen dituen liburuxka berrargitaratua.
Sustapenak Interneten
Eskualdean turismoa bultzatzeko asmoz, urtea amaitu arte hainbat kanpaina eta ekintza egingo dira Interneten. Ekintza horien helburua izango da bi hirietako baliabideak ezagutzera ematea Frantziako hegoaldean eta Espainiako hainbat eskualdetan.
“Gaur egun, helmuga turistikoak sustatzeko erakusleiho onenetako bat da Internet, eta aukera hori aprobetxatu behar dugu, seguruenik beste modu batean iritsiko ez ginatekeen pertsonengana iristeko. Horregatik egingo dira, esate baterako, publizitate kanpainak Sare Sozialetan, kanpainak Instagramen, eremu frantsesean eragina duten blogekin, eta bannerrak eta artikulu espezializatuak jarriko dira hainbat atari frantsesetan eta espainiarretan”, esan du María Serranok, Bidasoa bizirikeko presidenteordeak.
Puntu honetan nabarmendu behar da, azkenik, lehen urratsak egiten ari direla eta eskualde mailan lanean ari direla hau Turismo Adimenduneko Helmuga izan dadin.
Bisita gidatuak Udaletxera eta jarduera nautikoak sustatzea
Berrikuntza gisa, apirilaren 30ean hasiko dira Irungo Udaletxeko bisita gidatu berriak. Bisita horiek hilean behin egingo dira, zehazki hileko azken larunbatean, abendura arte. Aldi bakoitzean bi bisita egingo dira, bakoitza ordubetekoa: 11:00etatik 12:00etara euskaraz eta 12:00etatik 13:00etara gaztelaniaz.
Bestalde, aipatu behar da sektore nautikoak dagoeneko hasi duela bere denboraldia, eta Bidasoa bizirik Jarduera Nautikoak egiten dituzten Enpresen Gida berrargitaratzen eta eguneratzen ari dela. Hondarribian eta Irunen egin daitezkeen jarduerak biltzen dira gida horretan.
Hemen ditugu berriz Turismo Azokak
Apurka-apurka normaltasuna bueltatzen ari da Turismo Azoketara ere, eta, pandemiaren ondorioz bi urtez geldirik egon ondoren, berriro antolatzen hasi dira.
Adibidez, maiatzaren 6, 7 eta 8an, Garapen Agentzia Bilboko BECen egingo den Expovacaciones Azokan izango da Basquetourrekin batera, Irun eta Hondarribia helmuga turistiko gisa sustatzen. Bioterrara ere joango da, ekainaren 3tik 5era Ficoban.
Irungo erromesen aterpetxea berriro ireki dute, pandemiaren ondorioz bi urte itxita egon ondoren.