Irungo hotelen okupazioa % 84 ingurukoa izan da abuztuan
- Turismo Bulegoak 2.788 bisita izan ditu uda osoan, 1.377 uztailean eta 1.411 abuztuan.
- Lapurriturriko informazio-gunean kontsulta ugari egin dira, batez ere frantsesen aldetik.
Hotelen okupazioak gora egin du Irunen abuztuan, %83,92ra iritsiz, 2019ko epe berdinean baino % 6,7 txikiagoa izan da soilik, eta % 12ko igoera izan du 2020ko uztailarekin alderatuta.
Oihana Yerga Urdanibia Park hoteleko zuzendariaren esanetan, “Iragarpen guztien aurka, uda oso ondo joan da. Uztailean okupazioa %80,2koa izan zen eta abuztuan %93ra iritsi gara, batez besteko prezioa iazkoaren antzekoa izanik. Hotelera etorri diren pertsonen jatorriari dagokionez, turista nazionalen gorakada nabaritu dugu, baina Frantziatik eta Erresuma Batuetik ere jende asko etorri da, 2019ko udako datuak mantenduz “.
Hala ere, Yergak dioenez, “jatetxeari dagokionez, datuak asko jaitsi dira. Martxoan, Alarma Estatua hasi baino lehen, hoteleko jatetxea oso ondo ari zen funtzionatzen, eta orain, ordea, datuak oso txarrak dira “.
2.788 bisita Turismo Bulegoan
Turimso Bulegoak 2.788 bisita izan ditu guztira (1.377 uztailean eta 1.411 abuztuan); horietatik %45,6a Irungo jendearenak izan dira, %4,6a Euskadiko beste leku batzuetako jendearenak eta %26,3a estatuko turismoa, Katalunia, Aragoi, Valentzia eta Nafarroa nabarmentzen direlarik. Gainerako %23,5a atzerritarrak ziren, batez ere Frantziakoak. Hala ere, Donejakue bidearekin zerikusia duten kontsulten kopuruak behera egin du, erromesen aterpetxeak itxita daude eta.
“Bizi dugun egoera kontuan hartuta, datu hauek oso positiboak dira”, adierazi du Miguel Angel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak. “Turismo Bulegoa bisitatu duten pertsonen kopurua 126 baino ez da jaitsi iazko aldi berarekin alderatuta. Horrek, hotelen okupazioak %80a gainditu duelarekin batera, harro sentiarazten gaitu. Izan ere, jendeak oso urrun joan nahi ez duen denbora honetan, Irun helmuga bezala aukeratzeak argi uzten du hiria erakargarria dela eta garai hobeak iristen direnean turismoak goraka jarraituko duela, aurreko urteetako datuek erakutsi zuten bezala”.
Bisitari gehiago landa-eremuetan
Turismo Bulegora hurbildu diren bisitari gehienek naturako ibilbideei buruzko informazioa eskatu dute. Gainera, Lapurriturriko informazio-gunean kontsulta ugari egin dira, batez ere frantsesen aldetik.
Oiasso museoak antolatutako jardueretan (museoak 3.563 bisita izan ditu guztira hilabete hauetan), Irugurutzetako meatze-barrutia izan da eskari handiena izan duen irteera, eta, ondoren, Santa Elena-ra bisita eta igandeetako Erromatar tourra.
“Covid-19ak sortutako egoeraren aurrean, pertsona askok nahiago dute gune naturalak bisitatu, jende pilaketarik ez daudelako. Irunek aukera asko eskaintzen ditu naturan irteerak egiteko, eta, beraz, ez da harritzekoa pertsona askok oporretarako hiri hau aukeratu izana “, esan du Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak.
Azken lau asteetan, gainera, 20 pertsonak (15 heldu eta 5 haur), guztiak Irun eta Hondarribia ingurukoak, bisita gidatuak egin dituzte hirian.
Ziurgabetasuna urteko gainerako hilabetei begira
Datozen hilabeteei begira, Oihana Yergak esan du “ziurgabetasun handia” dagoela. “Gu, adibidez, asko bizi ginen Imserso-ren bidaietatik, eta aurten, beraz, enpresa-turismoa erakartzen saiatuko gara. Hala ere, uste dut datorren urteko apirilera arte ezin izango ditugula zailtasunak gainditu”.