Bidasoako Enpleguaren Astea XXX. ediziora iritsi da
Hainbat sektoretako 40 enpresa inguruk 300 lanpostu baino gehiago eskainiko dituzte
Datorren azaroaren 15ean, profil profesional berrien bila dabiltzan eskualdeko eta mugaz gaindiko enpresek eta lana bilatzen ari diren pertsonek hitzordua dute Ficoban. Enpleguaren Astea Irun eta Hondarribiko Udalek sustatzen duten ekimena da, Bidasoa bizirik-en bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duena, BidaLAN 2022 gizarteratze-programaren bidez. Helburu nagusia enplegua sortzea eta tokiko enpresek eskatzen duten talenturako sarbidea erraztea da.
Hainbat sektoretako 40 enpresa inguruk parte hartzen dutelarik, Enpleguaren Asteak aukera paregabea eskainiko du interesdunek beren curriculumak aurkezteko eta enpresa erreklutatzaileekin harreman zuzenak ezartzeko. Lan eskaintzak www.bidasoa-activa.com webgunean argitaratu ziren urriaren 31ean eta azokaren egunera arte egongo dira argitaratuta. Currikuluma entregatzeko eta enpresekiko harremanak egiteko eguna azarparen 15ean, asteazkenean, izango da FICOBAn, 09:00etatik 13:30era. Ez da beharrezkoa izango aurretik enplegu-eskaintzetan izena ematea eta sarbidea librea izango da. Interesdunek beren curriculuma pertsonalki entregatu eta elkarrizketa bat egiteko aukera ere izango dute enpresekin beren espazio erreserbatuetan.
Funtsezko ekimena
Miguel Ángel Paez Bidasoa bizirik-eko presidentearen hitzetan: “Enplegu Astearen 30 edizioetara iristeak argi uzten du ekimen honek eskualdeko enpresa- eta lan-ehunean duen garrantzia eta benetako eragina. Funtsezko tresna bihurtu da garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko eta gure inguruan bizi diren pertsonentzat enplegua sortzeko etengabeko erronkan aurrera egiteko. Gero eta enpresa gehiago eta sektore gehiagokoak parte hartzen dute ekitaldi honetan, beren proiektuak bultzatzeko behar dituzten profil profesionalak eta talentua aurkitzeko helburua dutelarik”.
Bere aldetik, Bidasoa bizirik-eko lehendakariordea den Estitxu Urtizbereak iritziz “Lana bilatzea eta lan-ekarrizketa bati aurre egitea ez da prozesu erraza izaten, egoera arrotzak iruditzen baizaizkigu. Era honetako ekimenak, lana bilatzen duten pertsonak eta langileak bilatzen dituzten enpresak elkar ezagutzeko balio dute, guztiontzat eremu erosoagoak sortuz eta emaitza hobeak lortuz”.
Enpleguaren Astean zehar, Euskadiko, Nafarroako eta Frantziako Enplegu Zerbitzu Publikoak bertan izango dira, beraien eskaintzak eta horiek eskuratzeko baldintzen berri emateko bertaratzen direnei. Gainera, Bidez-Bide Elkarteak atzerriko tituluak homologatzeko prozesuari buruzko informazioa eskainiko du, eta Adiskidetuak Elkarteak atzerritartasunari buruzko aholkularitza emango du, bai eta prestakuntza bidezko sustraitze-prozesu berriari buruzko informazioa ere.
Beste datu batzuk
Urtero bi Enplegu Azoka antolatzen dira ekainean eta azaroan. Batez beste 38 enpresa inguruk hartzen dute parte eta 350 lanpostu inguru eskaintzen dituzte. Azken bi deialdietako 46 enpresa parte-hartzaileei egindako jarraipenetatik abiatuta, egiaztatu ahal izan da gutxienez 82 kontratazio gauzatu zirela.
Ekitaldiaren antolatzaileek gomendatzen dute curriculum kopuru nahikoa eramatea inprimatuak, interesa duten enpresei emateko. Egun horretan, lan-eskaintzak FICOBAko beheko solairuan ere egongo dira ikusgai, hainbat paneletan, enpresa bakoitzarekiko bilgunearen informazioa izango dutelarik.
Gainera, argazkilaritza profesionaleko doako zerbitzu bat egongo da, curriculumean eta sare profesionaletan argazkiak sartu nahi dituzten pertsonentzat zuzendua egongo dena.
Bidasoa bizirik: Garapen ekonomikoa bultzatzen eta aukerak sortzen
Bidasoa bizirik Irun eta Hondarribiko Udalek bultzatutako erakundea da, Bidasoa eskualdean garapen ekonomikoa eta enpleguaren sorrera sustatzen duena. Bere helburua enpresen hazkundea eta kalitatezko enplegua sustatzea da eta tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzea. Ekimen berritzaileen eta laguntza-programen bidez, enpresa-sektorearekin eta lan-ekosistemako eragileekin lankidetzan dihardu, enplegurako eta ekintzailetzarako ingurune egokia sortzeko.
Ekonomiaren eta gizartearen aurrerapenean laguntzea du helburu, eskualdean eragin positiboa sortuz eta biztanleen bizi-kalitatea hobetuz. Jarduera-arlo nagusiak honako hauek dira: ekintzailetza, lehiakortasuna eta berrikuntza, formakuntza eta enplegua, hiri-behatokia, turismoa eta Bidasoa Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoaren jarduera-eremua.