Zazpi proiektu ekintzailek parte hartuko dute “Ideiatik negoziora” prestakuntza-programan
- BIC Gipuzkoarekin lankidetzan abian jarritako Bidasoa Gunea ekimenaren barruan dago programa
- “Ideiatik negoziora” prestakuntza-programak zortzi saio ditu, eta horietan eskualdeko ekimen ekintzaileek prestakuntza espezializatua jasoko dute, beren proiektuak hasierako faseetatik bultzatzeko. Lehen edizio honetan hainbat sektoretako zazpi enpresa ekintzailek parte hartuko dute.Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bitartez eta BIC Gipuzkoaren laguntzarekin, Bidasoa Gunea jarri dute abian aurten, ekintzaileei laguntzeko eta Bidasoa-Txingudi eskualdean enpresa berrien sorrera eta enpresa barruko ekintzailetza bultzatzeko.
Testuinguru horretan, “Ideiatik negoziora” programak prestakuntza eta aholkularitza espezializatua emango die parte-hartzaileei gai hauen inguruan: merkataritza-ikerketa, marketin-estrategia, negozio-ereduaren diseinua, errentagarritasuna eta finantza-kontrola edo industria-jabetza eta patenteak.
Miguel Ángel Páez Bidasoa Activako presidentearen ustez, “ekintzaileei benetako beharren neurriko metodologia eta prestakuntza eskaintzea funtsezko lana da gure eskualdean negozio-lerro berriak eta enpresa berriak sor daitezen sustatzeko. Gure produkzio-sarearen lehiakortasuna bultzatu behar dugu, eskualdeko ongizate ekonomiko eta sozialean aurrera egiteko. Ekimen hau eta parte hartzen duten enpresak etorkizunari begira dagoen berrikuntzaren adibide garbia dira”.
Estitxu Urtizberea Bidasoa bizirik-eko lehendakariordearen iritziz, “ekintzailetasunean edo norberaren proiektuak aurrera eramateko bidean ohiko izaten da txikia edo bakarrik sentitzea edota arlo administratiboan galduta egotea. Izan ere azken hamarkadan “ekitea” oso konplexua bihurtu da eta lehen baina arlo eta aldagai gehiago hartu behar dira kontuan. Bide honetan lagun izatea garrantzitsua da eta antzeko egoeran daudenen artean sareak sortzea ere bai”.
Hauek dira heziketa-ziklo honetan parte hartuko duten proiektuak: Recharge Recycling to Project (trenetako material gurpildunaren mantentze-lanak), Wave Back Project (moda iraunkorra), Be On Sport! (Kiroleko eta Jarduera Fisikoko Sare Soziala), Cream Prime – Cram Grip 4.0 (Lixa ez-urratzailea Skate Longentzat), Zuregain (partikularrentzako osasun-laguntza), Soyatenea (Optiketarako bot adimenduna) eta energia kudeatzaile berriztagarriak.
Guztiek oso positibotzat jo dute ekimena, merkatuaren benetako erronken aurrean kokatzen laguntzen dielako. Iñaki Alcanok, Soyatenea ekimenaren sustatzaileak, prestakuntza-saioen kalitatea nabarmendu du, “errealitatetik oso hurbil baitaude, eta elkarreragin handia baitute, eta, gainera, bertaratuen artean proiektuak ezagutzea errazten baitu, laguntza- eta babes-aukera interesgarriak eskaintzen dituelako”.
Bere aldetik, Unai Morales Recharge Recycling to Protect erakundearen bultzatzaileak adierazi duenez, “Bidasoa Gunearen prozesuarekin bat egiteak eskualdeko ekosistema ekintzailearekin harremanetan jartzeko aukera eman digu, eta mugikortasun iraunkorrean polo berritzaile bat sortzen lagundu digu #viaIRUN, material birziklatuetatik abiatuta trenentzako babes-osagaiak fabrikatuz”.
Bidasoa Gunea
Bidasoa Gunea ekimen berrien inkubazioa sustatzeko eta Bidasoa-Txingudi eskualdean ekintzailetzari eta barne-ekintzailetzari laguntza integrala emateko gunea da. Ekimen honen helburua da enpresa-proiektu berriei aukera gehiago ematea sinergiak sortzeko, enpresa bultzatzaileekin edo inbertitzaile potentzialekin harremanetan jartzea eta prestakuntza eta aholkularitza aditua jasotzeko gunea izatea.
Bidasoa bizirik: Garapen ekonomikoa bultzatzen eta aukerak sortzen
Bidasoa bizirik Irun eta Hondarribiko Udalek bultzatutako erakundea da, Bidasoa eskualdean garapen ekonomikoa eta enpleguaren sorrera sustatzen duena. Bere helburua enpresen hazkundea eta kalitatezko enplegua sustatzea da eta tokiko enpresen lehiakortasuna hobetzea. Ekimen berritzaileen eta laguntza-programen bidez, enpresa-sektorearekin eta lan-ekosistemako eragileekin lankidetzan dihardu, enplegurako eta ekintzailetzarako ingurune egokia sortzeko.
Ekonomiaren eta gizartearen aurrerapenean laguntzea du helburu, eskualdean eragin positiboa sortuz eta biztanleen bizi-kalitatea hobetuz. Jarduera-arlo nagusiak honako hauek dira: ekintzailetza, lehiakortasuna eta berrikuntza, formakuntza eta enplegua, hiri-behatokia, turismoa eta Bidasoa Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoaren jarduera-eremua.